Podcast

ISSk epaiketak eta greba bertan behera uzteko baldintza ezarri die garbitzaileei negoziaketarekin jarraitzeko

Xabier Etxaniz, ELA sindikatuko ordezkaria


ISSk epaiketak eta greba bertan behera uzteko baldintza ezarri die garbitzaileei negoziaketarekin jarraitzeko

Greba eskubidea urratu izanagatik epaiketa izan zuten atzo, eta grebalari bat ordezkatzeagatik demanda berri bat aurkeztuko du ELA sindikatuak ostiralean. Akordioa hurbil dago, baina hau sinatu gabe lanera itzul daitezela nahi du enpresak. 

Oso gertu gaude, baina azken pausua falta da. Urriaren 27an Hondarribiko Udalak ISS enpresari garbiketa kontratua urtebete luzatzeko erabakia hartu zuenez geroztik, eman ez den urrats berbera. Udal eraikin eta eskoletako garbitzaileen lan gatazkak ez atzera ez aurrera ez duela egin dirudi. Kalera begira intentsitatea apaldu dela aitortu du ELA sindikatuak. Baina gaur 200. greba eguna betetzen duten honetan, “izotz geruzaren azpian, urak bidexkak egiten dituen antzera, nahiz eta azken hilabetean ezer ez zela gertatzen iruditu, bazeuden mugimenduak” jakinarazi du Xabier Etxanizek, ELAko ordezkariak Antxeta Irratian.

Izan ere, hamarnaka dei eta bilera egin dituzte hilabete luze honetan, baina “ISS bezalako multinazional erraldoi batek dio euren mozkinak bermatu behar dituztela”, eta “izotza urtu, akordio lortu eta lanera bueltatzearekin batera, atal hau behingoz itxi” nahi dutela argitu du Etxanizek. Baina iragarri du ere, enpresaren jarrera ikusita, ez doaztela edozein modutan ixtera. “Ez dugu gatazka guztian zehar borrokatu urertzean itotzeko, beraz argi duguna da gaur sinatu eta bihar lanera joan gaitezkeela, edo beste urte betez greban iraun”, ohartarazi du.

Epaiketa mugarri berri bat

Zentzu honetan, enpresaren jarrera salatzen dute. Grebaldian zehar, eta negoziaketaren azken txanpan ere. Atzo (azaroak 30ean) epaiketa izan zuten Donostian. Irailaren 1ean greba mugagabera iragan zirenetik, Eusko Jaurlaritzak agindutako zerbitzu minimoen dekretua ez duelako enpresak errespetatu. Langileek zerbitzu minimoak bete egin dituzte, baina ez dute legeak agintzen duen bezala, hauek nola eta nortzuk beteko dituzten negoziatzeko aukerarik izan. Enpresak 9 hilabeteko txandak inposatu zizkiela salatu dute grebalariek, denbora tarte horretan grebalari horien oinarrizko greba eskubidea urratuz, greba egin beharrean, beti langile beretsuek zerbitzu minimoetan garbitzera behartzen zituelako. Epaiketaren aurreko egunean ohar baten bidez jakinarazi zien enpresak hilabeteko txandak onartuko dituela azkenik, “negoziaketei begirako fede onaren” seinale. Baina langileen arabera, “epaiketa sahiesteko estrategia” besterik ez da izan. Eta ez dute ulertzen zertan nahastu beharra dagoen epaiketa lan hitzarmen berriaren negoziaketarekin.

ELAk nabarmendu duenez, “epaiketa honek mugarri berri bat ezarri du gatazka honetan”. Eta ez da azkena izango. Ostiralean (abenduak 2an) grebalari bat ilegalki ordezkatu izanagatik demanda berri bat aurkeztuko baitu sindikatuak. “Bajan zegoen langile baten ordezkoa grebalaria zen, eta Oreretako udaletxetik ekarritako beste langile batekin ordezkatu zuen enpresak”, argitu du Etxanizek.

Kontua da, enpresak negoziaketarekin jarraitzeko epaiketak bertan behera uzteko baldintza jarri duela. Baina hau ez dute grebalariek onartuko. Izan ere, zazpi hilabeteotan bezala, “tranpa egiten” saiatzen ari dela salatu du ELA sindikatuak. Negoziaketa maila blokeatzen duten hiru baldintzekin gertatzen den bezalaxe. “Enpresak ezetz eta ezetz” ari da, eta hor ere, grebalariak lanera bueltatzea jarri du ezinbesteko baldintza negoziaketarekin jarraitzeko. “Ea pentsatzen duten hain inoxenteak garela, greba utzi eta ondoren sinatuko dugula pentsatzen badute da zazpi hilabete borrokan eman eta gero ez gaituztela ezagutzen, akordio duin bat lortu arte borrokan jarraituko dugu”, argitu du Etxanizek.

Hiru lerro gorri

Horiek hala, azken hilabeteko tira-birak eta greba dirau. Langileek 2022ko urtarrilean aurkeztu zuten hobekuntza eskaeren 10 orrialdeko zerrenda, orrialde bakarrera murriztu eta gero, enpresak sinatu nahi ez dituen hiru puntu atxikiko dituzte kosta ala kosta. Langileen eros ahalmenaren ez galtzea jarri dute ezinbesteko baldintza. Eta proposamen ekonomikoa jaso ondoren, enpresak ez du eros ahalmenik ez galtzeko konpromisoa kontsolidatu nahi. Bigarren jomuga jardunaldi partzialetan lan orduak ez apaltzeko konpromisoa da. “Langile gehienek dute kontratu partziala, eta kiroldegiko langileek enpresaren borondatearekin lortu ahal izan dena, ISS enpresak ez du sinatu nahi negozio margena horretan mugitzen dela argudiatuta”, dio ELAko ordezkariak. Azkenik, lanpostuen artean dauden desberdintasunak identifikatu eta orekatzeko, lan kargen berrikusketa bat eskatu dute langileek. Honi ere enpresak ezetz esaten dio.

ISS enpresak hitz eman die akordioa itxi eta greba utzita lanera behin itzuliko direnean, hiru puntu hauek lotzeko negoziatu dezaketela. Langileek, aldiz, argi dute: “Guk argi esan diegu aspaldi ikasi genuela euren hitzak ez duela balio”.

Anartean, Talaia eskoletan zikinkeria pilatzen doa berriz ere. Eta urrian Eusko Jaurlaritzak agindu zuen desinfekzio orokorraren aurretik zegoen osasun-egoera “antzekoa edo okerragoa” daukatela jakinarazi digute guraso elkarteko ordezkariek.

Azken berriak

Alardearen erronkak Irungo V. Berdintasun Planean ezinbestean txertatu behar direla esan du Emakundek

Hendaia-Baiona arteko korridore seguruak aldarrikatuko dituzte larunbatean Pausun

'Hondamendia' dator Hondarribira kontsumo gizarteari buruz hausnartzeko

Erretreten erreformak geldiarazteko borrokan indarrak biltzen hasi dira mugaz gaindi

Iaz jaiotako 95 hondarribitarren ametzak martxoaren 18an landatuko dituzte

Komunitatea eraikitzeko tresna gisa baliatzen ari da euskara Dunboa eskola publikoa



Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika