30 ene, 2023
Hezkuntza komunitatearen aniztasuna traba izan beharrean, denek amankomunean duten euskararen erabilera, bai ikastetxean baita auzoan ere, sustatzeko lanean ari da Dunboa ikastetxea.
Irungo Dunboa eskola publikoa euskarari bultzada emateko ahaleginetan ari da, eskola barruan ez ezik, hiri-erdi aldamenean dagoen Dunboa auzoan ere. Iaz Korrika kari Kanbon erosi zuten kilometroa, eta 60 bat lagun bildu ziren han euskararen alde.
Eskola publiko honetan urteak daramatzate euskarari eta euskal kulturari pisu berezia ematen euren Hezkuntza Proiektuan. Baina eskolaren izaera kulturanitza kontuan hartuta, euskararen normalkuntza berebiziko garrantzia duela ohartu dira. Julen Urkia zuzendariak dioenez, "300 ikasle inguru dira, eta 20 jatorritik gorako hezkuntza komunitatea osatzen dugunez, euskara da amankomuna dugun tresna bakarra". Hortaz, aniztasun hori traba ez izateaz gain, aukera bezala baliatzen dute euskara zabaltzeko.
Helburu horietan sakontzeko, eskolan ez ezik auzoan ere eragiten ari dira. Ikasleek beraiek auzoko hainbat denda eta establezimendutako kartelak edo kartak euskaratzeko lana hartu baitute.
Aurten, aldiz, Kaleidoskopio proiektuari ekin diote hezkuntza komunitate osoan eragiteko. Familia Laguna programari esker, kanpotik iritsitako familiak bertako familiekin parezkatzen dituzte, euskara bultzatu eta familiak saretzeko. "Hezkuntza komunitatea bere osotasunean landu nahi dugu, eta familien arteko harremanak sustatzea oso garrantsitsua da", dio zuzendariak.