Podcast

Lehendabiziko ukrainar errefuxiatuei harrera egin diete Hendaiako tren geltokian

Richard Irasuzta, Hendaiako auzapezordea


Lehendabiziko ukrainar errefuxiatuei harrera egin diete Hendaiako tren geltokian

Astearte gauean 40 bat ukrainar errefuxiatu iritsi ziren Hendaiako geltokira bi trenetan. Eta aurki beste 100 lagun helduko dira datozen ordutan. Parisetik zetozen Ukrainako gerlatik ihesean. Polizia frantsesaren zaintzapean, Hendaiako tokiko agintariek, Baionako prefetak eta Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak egin zieten harrera tren geltokian. Kotte Ecenarro auzapezak erran duenez, "Parisen 1.200 errefuxiatu daude Hendaiatik ala Perpignanetik iragan beharko direnak". Izan ere, iritsi berri direnen artean 17 Hendaian geratuko badira ere, gainerakoak herriko etxeak Beltzeniako Dojo kirolgunean egokitutako aterpetxean lo egin eta gero bidea jarraitu dute.

Richard Irazustak, Hendaiako auzapezordeak argitu duenez, "gehienek senideak edo lagunak dituzte beste lekuetan, eta Madril, Sevilla eta Portugalgo Oportorako bidean doaz". Halere, Hendaiako 30 bat familik euren etxeak eskaini dituzte ukrainar errefuxiatuentzat, eta CCAS herriko zentroaren bitartez eskaintza kudeatzen ari dira. Prest den oro ccas@hendaye.com postara idatzi edo telefono hontara deitu beharko dezake: 05 59 48 23 10

Laguntza humanitarioa biltzeko kanpaina

Bestetik, botikak eta garbitasun produktuen bilketa antolatu du Herriko Etxeak Hego Lapurdiko osasun profesionalen elkartearekin elkarlanean. Hendaiako Intzura industriguneko Autoportuko COVID txertatze zentroan jasoko dute materiala martxoaren 10ean (15:00etatik 18:00etara), martxoaren 12 (10:00etatik 18:00etara) eta martxoaren 15 (15:00etatik 18:00etara). Premiazko produktuak galdegin dituzte. Dutxarako gelak, xanpuak, xaboiak, hortzetako orea eta hortzetako eskuilak, haur txikiendako pardelak, esne irina, poto ttipiak eta garbiketa lozioak, baita osasun produktuak ere; gel hidroalkoholikoa, eskularruak, xiringak, orratzak eta perfutsiorako materiala, termometroak eta tentsio neurgailuak.

Bestalde, Hendaiako farmaziekin elkarlanean botikak ere bilduko dituzte. Eta nahi duen orok bere ekarpena egin dezake farmazietan bertan erosiz. Betiere, iraungi gabeko kutxa osoak jasoko dituzte botika hauetaz: Minaren aurkakoak (Doliprane, Paracetamol, Ibuprofeno, Aspirina, Tramadol, Kodeina eta Nefopam), esteroide ez beste hantura aurkakoak (Ketoprofene, Diclofenac eta Nurofen); antibiotikoak (Amoxicillina, Augmentin, Pyostacine/Pristinamycine); zaurien sendatzeko antiseptikoak (Betadine, Biseptine, Chlorhexidine).

Irun eta Hondarribia Ukrainarekin

Bien bitartean, asteazken honetan, EUDEL udalerrien federazioak egindako deialdiekin bat egin dute Irungo eta Hondarribiko udalek. Alkateen eta zinegotziak present zirela, eguerditan 5 minutuko isilunea egin dute udaletxeen aurrean elgarretaratuz. Irungoa jendetsua izan da, eta Hondarribian bakearen aldarrikapen gisa, hondarribiar bikote batek hezitutako 6 uso askatu dituzte.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Irunen prestatu duen 150 plazako aterpetxearen aurkezpen ofiziala egingo dute ostiralean. Gaur egungo trantsitozko migranteentzako Gurutze Gorriak kudeatzen duen Hilanderas kaleko (Arretxe Gaina) aterpetxetik hurbil dago. Ostiralean bertan egingo dute egoera aztertzeko mahai interinstituzionalaren bilera bertan dagoen Gordailuan.

Azken berriak

Presondegi barruko doinua hitzez biltzen dituen "Musikartzela"

Alardean aldaketarako urratsak emateko "ausardia" euki dezala eskatu dio Irungo EH Bilduk alkateari

Irungo udal gobernukide batek emango dio hiriko bandera Alarde Publikoari aurreneko aldiz historian

Melillako hesian izandako sarraskia salatzeko elgarretaratzea deitu du Harrera Sareak Irunen

Arma Plaza Fundazioa: 10 urte herriko ondarea balioan jartzen

Borrokan jarraituko dute garbitzaileek, udalbatzan hitza hartu eta arreta piztu ondoren ere



Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika