21 jun, 2022
Fenomena elkarteak Hondarribiko Udalaren babesarekin antolatuta, LGTBIQ+ kolektiboaren Harrotasunaren Eguna ostirala honetara aurreratuko dute aurten. Nazioarteko eguna ekainaren 28an ospatzen bada ere, ortzadarraren ikurra datorren asteburu honetan aldarrikatuko dute Arma Plazan. Kalixa Silanes zinegotziak aipatu duenez, Hondarribian Udalak azken urteotan diskurtso aldaketa garbia eman du, eta "kolektiboaren eskubideen alde horretan sakontzeko" lanean jarraitzeko konpromiso irmoa adierazi du.
Kolektiboa ikustarazteko eta harro den oro eguna ospatu dezan, 19:00etan ortzadarraren ikurra jarriko dute Arma Plazan ostiralean. Eta ondoren Monica Zamora irundarra eta Josune Lasa hondarribitarrak izango dira pregoilariak. Lasak aitortu digunez, emakume batekin ezkonduta eta seme-alabak dituela, zorte handia izan du betidanik onartua sentitu duelako bere burua. "Familia eta ingurukoen babesa izan dut beti, baina bada oraindik jendea bere burua den bezalako adierazteko ausartzen ez dena, eta maitasunak libre behar duela aldarrikatu beharra dago".
Pregoilarien hitzartzearen ondotik, Nacho Labordaren kontzertuak borobilduko du eguna.
Gorrotoari ezezko borobila
Baina ospakizunak beharrezkoak izanik ere, Harrotasunaren Egunean gogoetarako gonbidapena egingo duen ekarpen kulturala, Juan Jose Antonio Cortes Amunarriz zinemagilearen eskutik dator. Herrian dagoela probestu nahi izan dute antolatzaileek, bere azken laburmetraia 'La Carga' izenekoa Itsas Etxean estrenatzeko. Hau igandean izango da 19:00etan, Itsas Etxean. Sarrera dohainik da, baina gonbidapenak jaso behar dira aldez aurretik Arma Plazan.
Zinemagileak iragarri duenez, "duela hiru urte A Coruñan eraso homofobo batean akatu zuten Samuelen kasuaren haritik egindako lana da". Barrenak harrotu zizkion, eta laburmetraia gogorra eta kritikoa da. Baina gaur egun kolektiboak jasaten dituen gorroto mezu eta jarrerak kontuan hartuta, harira datorrela nabarmendu du.