20 mar, 2023
Irungo Udalak martxotik irailera arte hilabetero kolektiboaren eskubideei, familia dibertsitateari edota aniztasun sexualari buruzko hitzordu bana proposatuko du. Adin guziengan eragiteko helburuarekin, hezkuntza sexu-afektiboa landuko dute ikasleekin ere.
Aniztasun sexualari eta LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideei buruz sentsibilizatzeko sehileko programa antolatu du Irungo Udaleko Berdintasunerako arloak. "Kolektiboaren eskubideen konkista geldiezina da" Miren Etxebeste zinegotziaren arabera. Baina oraindik ere, berdintasun baloreak gizarteratzen jarraitzeko beharra dagoenez, martxotik irailera arte hilabetero kolektiboaren eskubideei, familia dibertsitateari edota aniztasun sexualari buruzko hitzordu bana proposatuko dute adin guziengan eragiteko helburuarekin eta kultur programazioarekin bat eginez.
Halere, espreski hezkuntza arloan ere eragin nahi dute. Horretarako, Eguzkitza ikastetxean proiektu pilotoa egingo dute maiatzean, HH4 eta HH5 mailako ikasleekin mikro antzerkiak proposatuz, eta Gehitu elkartearen eskutik haurrekin familia ereduei buruz hausnartzeko.
Hona hemen egitaraua osatzen duten jardueren zerrenda:
- 'Esnatu naiz kabareta', martxoaren 17an, ostiralarekin, 19:00etan, Oiasso Museoaren egoitzan, euskaraz
- Martxoaren 31 Transgeneroen Ikusgaitasunaren Nazioarteko Eguna dela baliatuz, Andoni Mutiloa artistak 'Esnatu naiz kabareta' emango du, antzerkia, musika eta dantza konbinatzen dituen ikuskizun bat, identitatea, harreman fisiko eta afektiboak eta sexualitatea lantzen dituena besteak beste.
- LGTB/Trans Legeari buruzko kafe-tertulia, apirilaren 20an, ostegunarekin, 18:00etan, Oiasso Museoaren tabernan. Transexualen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideen bermerako 4/2023 Legea onartu berri dela baliatuz, LGTBI kolektiboak haren bidez konkistatu dituen eskubideak jendarteratzeko gune bat sortzea da helburua. LGTBIQ+ eskubideetan aditu Oihana Puente Cortés abokatuak zuzenduko du tertulia.
- Haurrentzako antzerkia, maiatzaren 15ean, astelehenarekin, Eguzkitza Haur eta Lehen Hezkuntza zentroan. Familien Aniztasunaren Nazioarteko Eguna dela baliatuz, Gehitu elkarteak ikaslerik gazteenen (4-5 urtekoen) artean askotariko familia ereduei buruz hausnarrarazteko eta haiek bistaratzeko antzezlan bat emango du.
- Ekainaren 28a LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela ospatzeko eta uztailean Harrotasunaren Martxa egiteko lanean ari da, hiriko gizarte eragileekin batera.
- Irailean, 'Sublime' filma emango da, zeinak 2022an Sebastianne Latino saria irabazi zuen