31 may, 2023
Irungo Udalak haiekin hartutako konpromisoak bete ditzala eskatu du Erdiguneko Auzo Elkarteak. Irisgarritasuna hobetzeko beharra azterketa maiatzerako prest egongo zela hitz eman zieten otsailan. Mendibil parkearen egoera, komuna publikoen falta edota segurtasuna daude haien aldarrikapenen artea.
Udal hauteskunde kanpainan zehar, hainbat eragile izan dira euren aldarrikapenak egiteko probestu dutenak. Oraindik ere ekainaren 17a arte greban jarraitzen duten Hondarribiko udal lorzainak, Guztion Alardea taldeak “alkate izango zaren horri” zion ohar batean alardearen gatazkari aterabidea eman zezaten galdegin zien hautagaiei. Eta gauza bera egin du Osasun Bidasoa plataformak ere, Oinaurreko anbulategi berriaren premia gorriarekin.
Kirol arloan espazio gehiago exijitzeko berdin egin dute Lur Alai Squash klubak edota Ayamendi gimnastika elkarteak ere. Eta Hondarribian, Mendelu, Amute-Kosta eta Arkollako auzo elkarteak praktikoagoak izan ziren, Gipuzkoako Batzarretarako Oiartzun-Bidasoa barrutiko hautagaiak auzoaren beharrak ezagutzeko ibilaldi batetara gonbidatuz.
Irungo Erdiguneko Auzo Elkarteak, berriz, hauteskundeen ondokoan plazaratu dituzte euren eskaerak. Elkartea duela zazpi urte sortu zutenetik aldarrikatzen dituzten beharrak direlako, eta hauteskundeen aurretik ere, udalak zenbait konpromiso hartu zituelako haiekin. Joan den otsailan ‘Alkatea Auzoetan’ programaren baitan Jose Antonio Santanorekin egindako bileran hartutako konpromisoak bete gabe jarraitzen dutela oroitarazi nahi izan dute. Atzo plazaratutako ohar batean diotenez, Mendibil auzuneak “bizi duen utzikeria eta ahanzturaren aurrean, udalaren erantzun falta” salatu dute.
Inmaculada Erresidentziako erabiltzaileak batetik, eta auzoko bizilagunen batezbesteko adina kontuan hartuta bestetik, irisgarritasuna hobetzeko, espaloiak, aparkalekuak, eskailera eta arranplak beharrezkoak direla dio Enrique Moron auzokideak. Bestalde, Mendibil inguruan ere, Musika kontserbatorioko 700 ikasleen eta haien gurasoen joan-etorriak, Mendibil parkearen egoera, komuna publikoen falta eta segurtasuna dituzte beste aldarrikapenen artean.
Auzotarren iritziari entzungor
Apirilan IrunBus kontratu berriaren onarpenarekin batera udalak iragarritako L5 (Mendibil-Hirierdia-Elitxu) linea aurrerapausotzat jotzen dute. Halere, udalari emandako iritzia ere ez dela kontuan hartua izan leporatzen diote. “Dunboa anbulategira hurbiltzeko aukera ez ezik, geltokia Inmaculada erresidentziaren aurrealdean eskatu dugu, eta ez atzean udalak erabaki duen bezala”, diote.
Dena dela, Mendibil auzunean bezala, erdigunean orohar utzikeria salatzen dute auzo elkartean. Luis Mariano inguruetan eta bertako komertzioen gaineko lorategia “puntu beltza” bilakatu delako.
Bestalde, Via Irun proiektuak auzoan izango duen eraginarekin kezkaturik azaldu dira. Eta Aldaketa Klimatikoaren Lege berriaren eskutik Irungo erdigunea Emisio Gutxiko Gune bilakatzeko trafikoak izango dituen murrizketa nabarmenekin. Alkateak aditzera eman die, 2024ko urtarrila baino lehen ez dela zentroan zirkulazioa itxiko. Eta garajea duten auzokideei ez diela eragingo. Baina ez dira fido. Eta kexu dira, proiektu hauetan guztietan, ez zaielako iritzia eskatu, ezta egiten diren obretan adostasuna bilatu ere udalaren partetik.