17 jun, 2022
EH Bilduko ordezkaritza zabal bat hurbildu zen atzo Irun-Hendaia arteko mugara, migratzaileen egoeraz interesatzeko. Santaigo eta Pausuko zubietan polizia frantsesak egiten dituen "kontrol arrazialak eta presio polizialaren ugaritzeak migrazio-fluxuen tapoi efektu arriskutsua" sortu duela salatu zuten. Bertan izan ziren Irungo EH Bilduko hautetsiak ez ezik, Iparraldeko EHBAiko Iker Elizalde, Gipuzkoako Batzarretako koalizio abertzaleko bozeramalea, Juan Karlos Izagirre, baita Madrilen senatari den Idurre Bideguren ere.
Honek iragarri zuenez, EH Bilduk egitasmo bat aurkeztuko du Madrilgo Senatuan, Irun eta Hendaia arteko mugako kontrolen indartzea salatzeko, eta bizi den krisi humanitarioari aterabide bat topatzeko asmoz, migrante eta errefuxiatuentzat bide seguruak aldarrikatzeko.