Mikel Irizar, Topaguneko lehendakari berria: "Eraldaketa betean dago mugimendua, indarberritzen ari gara"

Baduzu eskarmentua euskalgintzan... Bai, batez ere toki hedabideetan. Duela 20 urte Arrasate Komunikabideak elkarte sortu berriko lehendakar izendatu ninduten Arrasate Press eta Arrasate Telebista kudeatzeko. Orduan eredu arrakastatsua sortu genuen, eta hamar bat urte beranduago Goiena komunikazio taldea sortzeko deitu ninduten. Hori ere sendo jaio zen, eta orain eskatu didate Topaguneko eraldaketaren ardura hartzea. Niretzat ohore handia da. Zertan da eraldaketa hori? Gizarte mugimenduak, oro har, duela 20 urte baino ahulago daude, eta gurea ere bai. Gainera, gure kasuan toki hedabide asko ditugu eta horietan ere eragin handia izaten ari dira bai iraultza teknologikoa eta baita krisi ekonomikoa ere. Gauzak horrela, Topaguneak hausnarketari ekin zion orain hiru bat urte eta iaz bere eraldaketarako oinarri-iparrak jarri zituen kongresu batean. Aurtengo irailean egingo dugu kongresuaren bigarren partea, eta hor ezarriko ditugu aurrera begirako jardunbideak. Bide hau eginez, eraldaketa betean dago mugimendua, indarberritzen ari gara. Zein norabidetan doa zuen bilakaera hori? Alde batetik, barne kohesioa indartu nahi dugu herrietako elkarteen eta federazioaren artean, mugimendu gisa funtzionatzeko. Bestetik, euskararen aldeko diskurtsoa berritzen ari gara, ekologiaren eta berdintasunaren parametrotan, elkarbizitzarako mesedegarri izan dadin. Azkenik, gur solaskidetza sendotu dugu eta presentzia areagotuko, gizarteak gure erreferentzia garbia izan dezan hizkuntza kontuetan. Finean, haizea euskararen alde jarri nahi dugu, gizartea norabide horretan mugi dadin. Eta zuen hedabideak? Hemen ere urratsak egin ditugu. Duela aste batzuk TOKIKOM enpresa sortu dugu Topaguneak eta hainbat toki hedabidek, esparru komunak kudeatzeko, solaskidetza bakarra eraikitzeko eta gure integrazio lantzeko. Arrisku handiak daude hedabide guztientzat, baina baita aukera handiak ere bereziki egitura arinetan gabiltzanontzat. Eta elkarlan emankorrean ari gara gure artean eta euskal hedabideen sektorearekin, euskararen hiztun komunitateak behar duen egitura komunikatiboa eraikitzeko. Asmo potoloak, inondik ere... Bai, baina mus partida honetan handira jokatzeko garaia da. Euskarak dagoeneko aje gutxi dauka; zailtasunak gizartean daude eta ahuldadeak, hiztunongan. Guk gizartean hartzen dugun pisuak emango dio euskarari indarra.

Azken berriak

Mugazgaindiko harremanak estutzen jarraitzeko, lemixiko partaidetzazko aurrekontuak

Bidasoaz gaindi lekukoa elkarri emateko deia luzatu dute Korrikaren bueltan

Erosketa bonoen ekimenak irundarren 1,5 milioi euro mobilizatu eta Irunen geratzea ahalbidetu du

Epailearen esanak beteko ditu Irungo Udalak, Sohaibo Billa identifikatu gabe Blaian lurperatzea aginduko balu ere

Irungo emakumeen erdiak jasan du inoiz biolentzia matxista

Aldundiak Jaizkibel mendiko ondare arkeologikoa eta naturala noraino kaltetu dituen baloratzeko eskatu du Abotsanitzek



Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika