20 mar, 2023
Sindikatuek deitutako mobilizazio azkarrek eragin nabarmena izan dute ostiralaz geroztik gure eskualdean. Goiz honean ere, Biriatuko autobidearen pagalekua eta Hendaiako Intzura industriguneko sarrera blokatu dute.
Biriatuko autobideearen pagalekua blokatu egin dute sindikatuek gaur goizeko 7ak aldera. 6:00etan hitzartuak ziren LIDEL saltokiaren aitzinean, eta 80 bat militantek frantses poliziaren presentzia nabarmena topatu dute autobideko pagalekuaren sartzean aurrez-aurre. Halere, 40 bat minutuz hau blokatzea lortu dute, eta gaseatu egin dituztelarik kanporatuak izan dira. Bertatik Hendaiako Intzura industrigunera jo dute, bertako sarrera blokatuz.
Joan den ostiralean ere, arratsaldeko 18:30ean deitu manifestazioan 300 lagun inguru mobilizatu ziren Pausun erretreta erreforma atzera bota dezaten aldarrikatzeko. LAB, CGT, CFDT, Solidaire, FO, FSU sindikatuak, France Insoumise L`Union Populaire eta EH BAIko ordezkariek ere bat egin zuten. Frantses polizia eta gendarmeen presentzia nabarmena izan zen ostiralekoan, eta Pausutik Hendaiara manifestazioa egiteko bideak itxi zizkietelarik, Pausuko bi biribilguneak okupatu eta Hendaia, Urruña eta Irundik zirkulazioa blokatu egin zuten bi orduz.
Iker Elizalde, EH BAIko kontseilari departamentala bertan zen, eta Macronek erreforma dekretu bidez pasarazi izana "eskandalu demokratikotzat" jo du. Hilabeteotan langilegoak egindako mobilizazio ahalegina balioan jarri beharra dagoela uste du Elizaldek, eta karrikan mobilizazioak azkartzearekin batera, "gobernuari zentsura mozioa justifikatua" dagoela. Halere, erreforma atzera botatzeko beste bide batzuk badirela oroitarazi du. "Erreferendum herritar baten aukera hor dago", oroitarazi du, " deputatuen %20ak behar du babestu, eta 4,5 milioi sinadura behar dira bildu estatu frantsesean".
Gogoan hartu beharbaita, 49.3 artikulua baliatu eta gero, Elisabeth Borne lehen ministraren gobernuaren kontrako bi zentsura mozio pausatu dituztela oposiozioko taldeek. Legebiltzarrean eztabaidak hasiko dira astelehen hontako arratsaldeko 16:00etan. Bi mozioetarik batek gehiengo lortzen badu, Elisabeth Bornek beharko du bere gobernua desegin eta erretreten erreforma utzi.
Bitartean, mobilizatzen segitzeko beharra azpimarratu dute sindikatuek. Argitxu Dufauk, LAB sindikatuko Iparraldeko koordinatzaileak dio, langilegoaren aldarria ongi entzun dutela Eliseoan, poliziaren presentzia ikusita azken orduotan. Baina ohartarazi du "mobilizazio eta greba egunen hastapenean iragarri genuen erreforma atzera bota arte ez genuela geldituko, eta horretan segitzen dugu". Hurrengo greba eguna (zazpigarren greba eguna) martxoaren 23an, ostegunarekin izango da.