Podcast

«Mugaz gaindiko bokazioa bada, baina Ipar-Hegoaldeko harremanetan anbizio handiagoa behar dugu, herri bat osatzen dugulako»

Eider Mendoza Larrañaga, Gipuzkoako EAJ-PNVko hautagaia


«Mugaz gaindiko bokazioa bada, baina Ipar-Hegoaldeko harremanetan anbizio handiagoa behar dugu, herri bat osatzen dugulako»

Maiatzaren 28ko foru hauteskundeetarako Gipuzkoako EAJ-PNVko hautagaia, Eider Mendoza Larrañaga izan dugu gonbidatu Antxeta Irratiko Goizko Kafean.

Azpeitiarra sortzez baina hondarbitartua, 48 urte ditu Eider Mendoza Larrañagak. Ofizioz ekonomialaria bada ere, politikan eskarmentu handia du. Izan ere, eusko legebiltzarkidea izan zen 2001etik aurrera, Gipuzkoako batzarkidea ere 2011tik 2019ra, eta 2015-2019ko agintaldian Batzar Nagusietako lehendakaria. Orduz geroztik, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea eta Gobernantza diputatu jardun da. Foru hauteskunde hauetarako EAJren Gipuzkoako diputatu nagusirako hautagaia izango da. Aitortu digunez, Markel Olanoren lekukoa hartzeko prest da, 8 urteotan egindako lanari segida eman eta Gipuzkoak dituen erronka berrien aurrean bultzada berri bat emateko asmoz. PSE-EE alderdiak jeltzaleekin gobernu-akordiorako adierazi duen prestutasunari buruz galdetuta, hauteskundeak ariketa demokratikoak direla, eta zer gertatuko den airean utzi du. Haatik, gipuzkoarrek zirt edo zart erabakitzeko unea dutela azpimarratu du. “Momentu honetan bi alderdi politiko nagusi gaude Gipuzkoan, EAJ eta EHBildu, kultura politiko erabat desberdinak eta bien kudeaketa ezagutua, eta herritarrek argitu beharko dute nolako Gipuzkoa nahi duten”, argitu du.

Gipuzkoan pil-pilean diren politika fiskalaren eredu kontrajarriak, eta trantsizio energetikoaren erronkari begirakoak ere izan ditugu hizpide. Haize-errota edo eolikoen proiektuari buruz, Gipuzkoak duen dependentzia energetiko “ikaragarria” kontuan hartuta, ezinbestekotzat jotzen du. “Ingurumen berme guztiekin baina behar dugu nahikoa baliabide horri aurre egiteko, eta dauzkagun haizea, itsasoa etabar energia-iturri guztiak aprobetxatu behar ditugu”, azaldu du.

Hauteskunde kanpainan mahaigainera atera den hondakinen kudeaketa ereduari buruz, aldiz, “erraustegiaren azpiegitura inondik inora ez dago eztabaidan”, dio irmoki, “hondakinak beste lurralde batzuetara eramaten ari genituen, konponbidea eman zaio eta Europa osoan daude horrelakoak eta primeran funtzionatzen dute. Ikerketa batzuk egiten ari direla isurketa bat frogatu delako? Hori guretzako bermatzailea da”, argitzen du.

Euskararen erabilera apaltzearekin kezkaturik azaldu da, “euskarak egiten gaitu euskaldun, eta sekulako lekua du gure lehentasunetan”, dio. Hargatik, azkeneko urteetan diputaziotik lan handia egin dutela segurtatzen du. “Izango gera erakunde publiko bakarra, langileen %97k hizkuntza-eskakizunak betetzen dituela, herritarren eskubide bat delako zerbitzu publikoetan hizkuntza-eskubidea bermatua izatea”. Halere, euskararen erabilera bultzatzeko bi proiektu estrategiko goraipatzen ditu. “Jakinda erabilera apaltzen ari dela, Tabakaleran dagoen ‘Bideo’ edukiak euskaraz sortzen laguntzekoa, eta BadaLab, hizkuntza berrikuntza jorratzeko proiektuak”.

Bidasoa eskualdeari lotutako zenbait gai ere argitu dikizgu. Mugako kontrol polizialak eta auto-pilaketak edota Irun eta Hondarribiko alardeen gatazkari buruz ere. Hondarribian bizi den heinean, modu partikularrean bi alarde motak ikusi ohi dituela dio, baina diputazioko ahaldun nagusia izango bada, harrera egiteari uko egiten dio, “Gipuzkoako Foru Aldundiak ez duelako inoiz jaietan parte hartu”.

Mugazgaindiko harremanei buruz, “bi aldeetatik harremanak estutzeko bokazioa” dagoela uste du, eta Ideiak2022 bezalako aurrekontu partehartzaile eta mugazgaindiok proiektuak garatzeko martxan jarri badira ere, “elkarlana anbizio handiagoarekin” sustatu beharra dagoela pentsatzen du “Iparralde eta Hegoalde herri bat osatzen dugulako”.

Entzun #Hurbiletik_Eider_Mendoza_Larrañaga elkarrizketa

Azken berriak

Klima aldaketaren erronkan konponbidearen parte izateko deia luzatu du Txingudi Ekotxeak

Borderline Fabrikak «gure errealitatearen lagina» biltzen duen Ostemponuna denbora kapsula sortu du

Badator Hendaiako Sagarno Egunik parte-hartzaileena

Gazteek espazio, protagonismo eta aukera gehiago izango dituzte aurtengo Irungo jaietan

Bioterra: 20 urte aldaketa klimatikoaren kontra borrokan

Mendibil auzuneak bizi duen ahanztura salatu dute bizilagunek



Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika