Podcast

“Nasuvinsarekin elkarlanean jarraitu, parke publikoa indartu, lurzoruak erosi eta horiek modu publikoan eta sozialean promozionatu nahi dugu ”

Ladis Satrustegi Altzugarai, Lesakako EH Bilduko hautagaia


“Nasuvinsarekin elkarlanean jarraitu, parke publikoa indartu, lurzoruak erosi eta horiek modu publikoan eta sozialean promozionatu nahi dugu ”

Ladis Satrustegi Altzugarai izanen da Lesakako EH Bildu hautagaia heldu diren maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan. Gaur egun herriko alkatea da Altzugarai eta dagoeneko martxan paratu dituen hainbat planei segida ematea da berriz ere aurkeztearen arrazoi nagusia.

Lesakako Musika Bandan, Lesakako Txistulari Taldean eta herriko gazte mugimenduetan sartua egon da Ladis Satrustegi Altzugarai bere bizi guztian zehar. Azken urteetan lan horiek bazter batean utzi eta buru-belarri egon da alkatetzan. 35 urte dituen lesakarrari horrek bultzatu zion EH Bilduko zerrendaburu gisa aurkeztera orain dela lau urte. Denbora horretan abiatutako planei segida eman nahi die orain eta horregatik, heldu den maiatzaren 28an, bera izanen da berriz ere Lesakako EH Bilduren zerrendako lehena.

Azken lau urteetan Bortzirietako Osasun Etxea handitzeko lurrak erosi ditu udalak eta Satrustegik hori izanen du begiz jota heldu den legegintzaldian ere, pentsatzen baitu “zerbitzu bat egonkortzea dela, murrizketa posible batzuen gainetik”. Gainera, honek “zerbitzu gehiago ekartzea” ahalbidetuko du bere hitzetan. Mediku faltaren inguruan, Nafarroako Gobernuarekin eta kontseilariarekin etengabeko harremana dutela aipatu du.

Honen harira, bertako zerbitzuen eta komertzianteen benetako garrantzia zein den pandemiarekin ikasi genuela onartu du hautagaiak: “Ezin ginen atera eta beraiek eman ziguten erantzuna”. Gainera, “Alkaiagan egin behar zuten zentro komertzialaren mehatxua” jaso zuten eta “mugitzen” hasi zirela erran du. Herri gehiagori eragiten zion arazo bat zela kontuan hartuta, Baztan-Bidasoako plan bat sortzea erabaki zuten: “Lehen aldia da MEAP bat egiten dena eta azken aurreko plenoan onartu zen, lurraldeko borroka moduan”. Hortik etorri da gero Lesakan komertzio eta turismo mahai bat osatzea eta egoeraren analisi bat egitea. Horren gainean, lanean segituko dutela onartu du Satrustegik.

Lesakan etxebizitza “ezin da luxu bat izan, eskubide bat” delako lesakarraren iritziz, baina “egoerak ez du laguntzen”. “Pasa den legegintzaldian Nasuvinsarekin elkarlan bat” egin zutela aipatu du eta alokairu poltsa bat osatu zutela: “Alokairu poltsa bat osatu dugu, alokatzaileari eta alokatzen duenari berme batzuk ematen dizkiena, lurzoru bat jartzen duena”. Horrekin lanean segitzea da bere plana. Honekin batera, “Nasuvinsarekin elkarlanean jarraitu, parke publikoa indartu, lurzoruak erosi eta promozio horiek modu publikoan eta sozialean” indartzea da bere intentzioa. Azkenik, 1999ko Hirigintza plana berritzea ezinbertzekoa dela ere onartu du, eta horretarako Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena sinatu dute dagoeneko.

Berdintasuna da Bortzirietan azken urtean indartu den beharrezko zerbitzu bat, “zeharka gai guztietan berdintasunaren ikuspuntua lehen lerroan jartzeko”. Berdintasun plan bat ere abiatu dute bortz herrietan eta, talde feministekin eta gizarte zerbitzuekin batera, analisi bat egin dute. Orain, “plan hori onartuta, hurrengo urratsa esparru guztietan txertatzea izanen da”, egungo alkatearen ustetan.

Lesaka, bertze lau herriekin batera, arnasgunea dela erran dezakegu, nahiz eta oraindik ere euskararen gaiarekin lan handia dagoen egiteko. Horrela adierazi du baita ere Satrustegik, eta “harrera zerbitzuetan edo aisi ereduetan” txertatzeko beharra ikusten du. Honez gain, euskararen alde, “UEMAn berriz ere sartzea” izan zen egungo udal taldearen lanetako bat, “aurreko udalak hortik atera zuelako”. Honek nondik jo ikusteko aukera emanen diela argi du EH Bilduko hautagaiak, batez ere “aisia, hezkuntza eta bertze hainbat gai euskararen betaurrekoekin ikusteko”.

Turismoan ere lan handia egin du udalak, Asier teknikariaren laguntzarekin. Lesakan “patrimonio historikoa eta mendia da indargunea eta errekurtso horiek erakutsi nahi ditugu”. Komertzioekin, ostalaritzarekin eta alojamenduen jabeekin elkarlanean daudela ere erran du, komertzio eta turismo mahaiaren bidez, eta epe ertainera egindako plan bat badute, “dagoeneko bere fruituak” ematen ari dena. Estazionalitatea ere lantzeko proposamena plazaratu du Satrustegik, “Aste Santuan edo udan dena ez pilatzeko” eta hori “digitalizazioaren bitartez” egin dutela azpimarratu du.

Azkenik, ondoko herri eta hiriekin harremanak edukitzearen garrantziaz solastu da alkategaia: “Egia da lau urte hauetan, guttienez, ez dugula gaiak merezi duena bezain bertze landu, baina ez garrantzirik ematen ez diogulako. Ez lantzearen arrazoia ezarritako mugak daudela da eta horiek administratiboki eragiten du”. Erraterako, Irun, Bera, Lesaka, Urruña eta Sara ukitu zituen sutean ezin izan ziren herri guztiak koordinatu, ez baitzituzten zerbitzuak konpartitzen. Horrek agerian utzi zuen euren arteko harremanak berebizikoak direla eta berreskuratzeko idea ere buruan gordetzen du Ladis Satrustegi Altzugaraiek.

Entzun #Hurbiletik_LadisSatrustegiAltzugarai elkarrizketa

Azken berriak

Klima aldaketaren erronkan konponbidearen parte izateko deia luzatu du Txingudi Ekotxeak

Borderline Fabrikak «gure errealitatearen lagina» biltzen duen Ostemponuna denbora kapsula sortu du

Badator Hendaiako Sagarno Egunik parte-hartzaileena

Gazteek espazio, protagonismo eta aukera gehiago izango dituzte aurtengo Irungo jaietan

Bioterra: 20 urte aldaketa klimatikoaren kontra borrokan

Mendibil auzuneak bizi duen ahanztura salatu dute bizilagunek



Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika