Podcast

Nid Marineko zuzendari ohia “mespretxu eta jazarpen jarraituagatik” zigortu dute, urte luzeetako borrokan langileeri arrazoi emanez

Entzun elkarrizketa osoa Ixa Fernandez Garaiarrekin


Nid Marineko zuzendari ohia “mespretxu eta jazarpen jarraituagatik” zigortu dute, urte luzeetako borrokan langileeri arrazoi emanez

Hendaiako hondartzan dagoen zentro mediku-edukatibo eta erresidentziako 14 langileri arrazoi eman die epaileak, Jean Paul Lenoble zuzendari ohiari 4 hilabeteko espetxeratzea eta kalte-ordainak pagatzera zigortuz.

Ixa Fernandez Garaiar izan dugu Goizeko Kafean gonbidatu. Joan den irailaren 5ean Baionako auzitegiak Hendaiako Nid Marin zentroko zuzendari ohia errudun zela ebatsi zuen. Gaur egun 25 haur autista eta adimen urriko 45 helduen bizitokia da, haien zaintza eta garapen pedagogikoan laguntzeko zentro berezitua izanik. Eta hondartza auzoan kokaturik, lursaila etxegintzarako “goxoki” bat dela aintzat hartuta, Gurutze Gorriak hau saldu eta bezeroak Paue eta Bordeleko beste bi zentrotara bideratzeko asmoa agertu zuen, Hendaiako langile gehienak kaleratuz. Honi buru egiteko, Solidaire sindikatuaren eskutik borrokan hasi ziren, eta Kotte Ecenarro Hendaiako auzapezarengana ez ezik, Sylviane Alaux diputatuarengana jo zuten laguntza eske. Baita, azken batean, egoitzaren salmenta geldiarazi ere.

Gaur egun lekuan berean jarraitzen du martxan ‘Haiekin’ izenarekin, eta enpresa kudeatzaile berri baten esku. Urte luzetan Gurutze Gorriak kudeatu ondoan, Toulouseko ASEI elkarteak hartu baitzuen, zentroak bizi zuen krisi ekonomikoa gainditzeko helburuarekin.

Mespretxua eta jazarpena

Hain justu, auzitegian bukatu izana, aldaketa horren ondotik emandako gertaera larriengatik izan da. Lan inspekzioak eraman zuen auzitara zuzendari ohia, langileak “biktima” izan diren heinean, parte zibil gisa parte hartu baitute epaiketa horretan. Solidaire sindikatuaren eskutik hainbatetan salatu duten egoera, orain plazaratu bada ere, ez da egun bateko kontua. Izan ere, Gurutze Gorriak urte luzez kudeatu duen zentro pribatu honetan 11 zuzendari izan dituzte 10 urtetan. Eta krisi ekonomiko baten ondotik, Toulouseko kudeatzaile enpresa berria sartu zenean, “egoera jasanezina” bilakatu zen zuzendari berriaren jokamoldeen ondorioz.

Ixa Fernandez erretiroa hartu duen langileak azaldu digunez, auditoria gisa plan sozial bat plantan emango zuela espero zuten 100 langileek, hainbat kanporatuz. “Baina norbere lanpostua bolondres utzi eta dimisionatu genezan, lan baldintzak kaxkartu, mehatsuak eta salaketa etengabeen erokeria batean murgildu zuen lantokia”. Eta helburua lortu egin zuen zuzendari ohiak, bistan denez, hiru urtetan 70 langilek dimisionatu baitzuten. “Askok CDI kontratua sinatu eta egun berean utzi izan dute lanpostua, lanean hasi eta hor barrenean zer zegoen ikustean”. Askok ere, depresioak jota baja luzeak izan dituzte.

Baionako epaileak arrazoi eman die orain, jarrera ez morala leporatuta, “mehatxu eta jazarpen jarraituagatik” 4 hilabeteko kartzela zigorra, eta langile bakotsari 2.500 euro kalte-ordainetan ordaintzera zigortu baitu. “Zigorra ez da gauza handia, baina garrantzitsuena da errudun jo dutela, eta epaiketan demostratu egin dela nola jokatu zuen, mespretxua azpimarratu du lan inspekzioak”.

Hasieran 25 langile ziren borroka horretan, eta 14 geratu dira azkenean. “Oso luze eta gogorra izan da, eta ez da oraino bukatu”, dio. Izan ere, ebazpenari helegitea aurkeztu dakioke Lenoble zuzendari ohiak gutxienez urtebete luzatuz.   

Azken berriak

Irundarrak «itotzen ez dituzten zerga justuak» defendatuko ditu Elkarrekin Podemosek

Jauzarrea elkartetik Kanadako Louisbourg herri historikoarekin elkarlana sustatzen dute

Pierre Loti da Zuloaga Etxeko gonbidatu berezia, literaturaz blai egindako udazkeneko programazioan

Irundik abiatuko da 2024ko Euskal Herriko Itzulia

Abortatzeko eskubidea babesteko deia egin du Bagerak, nahigabeko «haurdunaldia behartzea indarkeria» delako

Zirriborro idazketa eskola eginen dute urrian Donezteben



Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika