08 mar, 2023
Hondarribiko Udalak M8ko adierazpen instituzionala plazaratu du EUDELek markatutako zenbait konpromiso hartuta. EAJ, Abotsanitz eta PSE-EE alderdiek izenpetu duten bitartean, EH Bilduk "nahiz eta adierazpenarekin berarekin ados egon" beste urte batez ez dute izenpetu.
Koalizio abertzaleak jakinarazi duenez, "Hondarribiko Udalak sinatuarazi nahi duen EUDELen adierazpenean jasotzen diren konpromisoak betetzen ez dituelako". Izan ere, 2020-2023 urtealdirako Hondarribiko lehendabiziko Berdintasun Plana bururatzera doan honetan, ebaluazio bat egiteko konpromisoa hartu du udalak adierazpen horren arabera. Baina Xabier Bengoetxeak, EH Bilduko hautetsiak dioenez, "beste urte batez berdintasun sail eta teknikaririk gabe jarraitzen du udalak".
Zentzu honetan, planaren abiapuntuan itxaropentsu azaldu zen EH Bildu udal taldea, "aurrekontua eta agenda bat zuelako" eta "egiteko plan bat zelako", baina urteak pasa ahala ez dela bete ondorioztatu dute. "Hasi bezain pronto formakuntzaren bat egin izan zen, baina udala goitik-behera mugitu behar duen zerbait izanik, ez da hala izan", dio Bengoetxeak, "bete gabe geratu da udalak bere buruari jarri zion betebeharra".
Horiek hala, beste urte batez EH Bilduk ez du Hondarribiko Udalak proposatu duen adierazpena sinatu, "hitzetatik ekintzetara pasatzeko gai ez den gobernu baten zuriketan" ez duelako parte hartuko. "Lucio Urtubiak esaten zuen -hay que hacer-, eta guk ere esan baino nahiago dugu egin, egiten ez den bitartean EH Bildu ez da hor egongo", argitu du Bengoetxeak.