30 mar, 2022
Ukrainako gerla aktualitate gaia dugun honetan, Hendaiako Baleak elkarteak ostegunetan antolatu ohi dituen solasaldien aparteko saioa proposatzen digu larunbatean. Ukrainako gerlaz gogoetatzeko eta horren gibelean dagoena argitzeko, han izandako Ibai Trebiño kazetaria gonbidatu dute. 2016 urtean ekoitziriko “Donbass, gerla Europako bihotzean” dokumentalaren proiekzioa eta ondoko solasaldia antolatu dute 11:30ean.
Mikel Asurmendi, Baleak elkarteko kideak luzatu digu deialdia.
54 ukrainar errefuxatu Hendaian
Bien bitartean, ukrainiar errefuxiatuei harrera koordinatzeko bilkura egin zuten atzo Hendaiako herriko etxean, bertako ordezkariek eta Irun-Hendaiako Gurutze Gorriko kideek. Hiru aste luze dira hautetsiak, udal langileak eta herriko gizarte laguntza zentroko langileak ez ezik, Gurutze Gorria, SNCF langileak eta herriko segurtasun zibileko erreserbako bolondresak ere, lanean ari direla Hendaiako geltokira heltzen diren errefuxiatuen harrera antolatzeko.
Gehientsuenak espainiar Estaturako bidea hartzen badute ere, orain artean 54 lagun dira Hendaian bolada baterako geratzea erabaki dutenak, haien artean 21 haurrak izanik. Hori dela eta, Kotte Ecenarro auzapezak nabarmendu du, etor daitezkeen errefuxiatuak behar bezala laguntzeaz gain, une honetan, bere egiteko nagusia herrian geratu nahi dutenei harrera egokitzea dela.