Podcast

Uztailaren 2an Bidasoaldeko mendi gailurretan burujabetzaren bidea argitzeko farolak prest

Ander Errazkin, Irungo Gure Esku


Uztailaren 2an Bidasoaldeko mendi gailurretan burujabetzaren bidea argitzeko farolak prest

Gure Eskuk eta Katalunyako Omnium Culturalek autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko sekulan egindako ekintzarik handiena antolatu dute uztailaren 2an. Piriniotako Bidearen ekimenak 300 mendi gailur baino gehiago argiztatuko ditu Pirinioz gaindi, Jaizkibeletik hasi eta Cap de Creuseraino. "Europan gauza asko mugitzen hasiak dira, eta Euskal Herritik ekialdera Katalunyara, eta iparraldera Europara begirada jarriko gaituen ekintza da", dio Ander Errazkinek, Irungo Gure Eskuko kideak.

Euskal Herrian argiztatuko diren 115 gailurren artean, gure eskualdeko Jaizkibel, Erlaitz, Aiako Harria, Xoldokogaina eta Larrun ditugu. Jaizkibel hondarribitarrek, lezotarrek eta pasaitarrek argiztatuko duten bitartean, Hego Lapurdiko bizilagunek eta irundarrek Biriatuko Xoldokogaina argiztatzeko deia jaso dute. Azken honen kasuan, irundarrek ere parte hartuko dutelarik. Biriatuko plazan eman dute hitzordua uztailak 2an 18:30ean.

Aiako Harriaren kasuan, Muganix lehen gailurrera igotzeko aukera emango dute. Baina Txurrumuru, Hirumugarrietaren eta Erroilbide mendizale adituen esku geratuko da. Kilo banako hiru bateria dituzten farolak igo beharko baitituzte gailurrak argitatzeko. Aldiz, Erlaitzen erromeria festa alai batekin hasiko dira 18:30etatik aurrera.

Mendira igotzerik ez dutenek, aldiz, badute alternatiba Irunen. Oxinbirilgo bidegorrian dauden Laiaren eskulturetan 21:30etan ekimen hunkigarri bat proposatzen baitute. "Bertatik eskualdean argiztatuko diren mendi-tontor guztiak ikusi ahal izango dira, eta beraz, irudi polit batetaz gozatu ahalko dugu", dio Errazkinek. Azken ekimen horretarako ez da izenik eman behar. Baina mendietara igotzeko, aldiz, 21 urtez gorako guztiek 10 euroko izen-ematea ordaindu beharko dute (5 euro mendi-asegururako) www.gureesku.eus atarian.

Irunen, momentuz, 100 lagun baino gehiagok izena eman dute. Baina askoz ere jende gehiago espero dute Jaizkibel, Erlaitz eta Xoldokogainan. Ekainaren 23an, 19:00etatik aurrera Urdanibia plazan izango dira izena eman, informatu eta Via Pirenenca ekimenaren kamisetak saltzen.

Azken berriak

Presondegi barruko doinua hitzez biltzen dituen "Musikartzela"

Alardean aldaketarako urratsak emateko "ausardia" euki dezala eskatu dio Irungo EH Bilduk alkateari

Irungo udal gobernukide batek emango dio hiriko bandera Alarde Publikoari aurreneko aldiz historian

Melillako hesian izandako sarraskia salatzeko elgarretaratzea deitu du Harrera Sareak Irunen

Arma Plaza Fundazioa: 10 urte herriko ondarea balioan jartzen

Borrokan jarraituko dute garbitzaileek, udalbatzan hitza hartu eta arreta piztu ondoren ere



Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika