Podcast

Zaintza erdigunean jartzea ez ezik, emakumeak Alardean ere aldarrikatu dute Bidasoko M8 manifestazioan

Entzun hemen Bidasoko M8 manifestazioari buruzko erreportaia


Zaintza erdigunean jartzea ez ezik, emakumeak Alardean ere aldarrikatu dute Bidasoko M8 manifestazioan

Irun, Hondarribia, Hendaia, Urruña-Pausu eta Biriatiko 2.000 lagun inguruk parte hartu zuten eskualde osoan zehar bi zutabetan banatutako manifestazioan. Eta bukaeran, Emakumeen Etxearen aurrean alardeari buruz ere aldarrikatzeko aukera probestu zuen asanblada feministak.

Mugimendu feministak greba orokor baterako prozesua abiatu du, zaintza eskubidearen alde. Zaintzarako eskubide kolektiboa, unibertsala eta publikoa exijitu dute sindikatuek eta eragile feministek M8 honen baitan. Eta prozesu bat abiatu dute, herri mugimenduekin eta eragile sozio-sindikalekin aliantzak eta proposamenak bateratzeko. Euskal Herri osoan egindako aldarrikapen horiekin bat egin dute Bidasoaldean ere. Baina M8 Bidasoako Asanblada Feminista koloretsuagoa izan da aurten, aldarrikapenei dagokienez. Hendaia-Urruña-Biriatuko zutabeak asteotan daramaten erretreta erreformaren kontrako mugimendu azkarrari lotuta, emakume langileak horretan ere hunkituenak direla oroitarazi baitute, eta 2018an eskualde mailako manifestazioa antolatzen hasi zirenetik aurreneko aldiz, CGT, LAB eta Solidaire sindikatuek ere bat egin dute.

Bestalde, Hondarribiko zutabearekin bat egin eta Irungo hirierdia zeharkatuta Istillaga plazan bukatu zen manifestazioa. Udaberrian ateak zabalduko dituen Irungo Emakumeen Etxea ikur bilakatu nahi izan dute oraingo honetan. Eta Santiago frontoian ezarritako karpan irakurri zuten manifestuan “mugak hautsiz, zubiak eraikiz eta inor atzean utzi gabe” emakumeen eskubideak borrokatzen jarraituko dutela hitz emateaz gain, Alardearen gatazka ere izan zuten hizpide. Irun eta Hondarribiko zenbait udal ordezkari bertan zeudela probestu zuten Irungo Udalaren M8ko leloa leporatzeko. “Martxoak 8 egunero beharko luke diotenez, ekainaren 30a eta irailaren 8an ere, emakumeen eskubideak defendatu!”, aldarrikatu zuten manifestarien “Emakumeak Alardean!” ohiuen artean. Eta Irungo V. Udal Berdintasun Planak alardearen aferaren bueltan sortu duen eztabaidari lotuta, Berdintasun Legea eta tokiko berdintasun planak alardeari dagokionez, “lotesleak” direla oroitarazi zieten agintariei. 

Azken berriak

Klima aldaketaren erronkan konponbidearen parte izateko deia luzatu du Txingudi Ekotxeak

Borderline Fabrikak «gure errealitatearen lagina» biltzen duen Ostemponuna denbora kapsula sortu du

Badator Hendaiako Sagarno Egunik parte-hartzaileena

Gazteek espazio, protagonismo eta aukera gehiago izango dituzte aurtengo Irungo jaietan

Bioterra: 20 urte aldaketa klimatikoaren kontra borrokan

Mendibil auzuneak bizi duen ahanztura salatu dute bizilagunek



Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika