[[ blob.title | words:5 ]]

[[ time | secondsToDate | date: 'HH:mm:ss' ]]

2018-11-22

Euskara

5.200 lagunek parte hartuko dute Euskaraldian

Tokiko erakunde publikoen behar haina ahalegin eta babes euki ez badu ere, aurreikuspen guztiak apurtuz abiatuko da bihar Euskaraldia gure eskualdean.

Irun, Hondarribia, Hendaia eta Urruña artean 5.200 lagun baino gehiagok izena eman dute ahobizi ala belarriprest izateko. Atzo arratsaldean, 1.500 bat txapa oraindik ere jasotzea falta baziren ere.

Bidasoko AEKtik begirunez hartu dute datua, bihar hasi eta abenduaren 3ra bitartean, euskararen erabilera azkartzeko ariketa arrakastatsua izateko aukera gehiago dagoelakoan. Baina benetako ariketa Euskaraldiaren hamabigarren egunetik datorrela kontuan hartuta, balorazioa egiteko, ez dituzte datu hotzak soilik gogoan hartu nahi.

Gogoan hartu, nolanahi ere, zuen txapa jasotzeko azken aukera duzutela gaur Irun eta Hondarribian, Urdanibia plazako Udal Euskaltegian Irunen, goizez 9:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara, eta Hondarribiko Kale Nagusiko BAZ bulegoan. Hendaiarren kasuan, bihar arratsaldeko 17:30etatik goiti, Gaztelu Zaharren antolatu duten xapitoan.

Izan ere, Hendaian, Mintzaia euskara taldetik, ahobizi ala belarriprestei zuzendutako jarduerak dinamizatzeko, Gaztelu Zahar Euskaraldiaren erdigune bilakatzeko engaiamendua egin dute.

Xapitoa martxan izanen da hamaika egunez. Baina ez da hendaiarrei soilik zuzenduta. Abenduaren 2an Hondarribia, Irun, Hendaia, Biriatu eta Urruñako euskaraldiko dinamika eta herritarrei zuzenduta herri kantu bazkaria antolatu baitute. Txartelak salgai dituzuela, Hendaiako AEKn, Antxeta Irratian, Bakarxoko ostatuan eta Baleak elkartean. Urruñako Pausuko Xaia ostatuan, Irungo Aia tabernan eta Hondarribiko Blagan kafetegian.

Azkenik, oroitaraziko dugu ere, gaur arratsaldeko 18:00retan, Euskaraldiaren baitan, Kike Amonarriz soziolinguista eta telebista aurkezle ezagunak hitzaldia emango duela PalmeraMontero gunean. #ZERGATIK EUSKARALDIA? ZERGATIK ORAIN? ZERGATIK IRUNEN?# izenburupean, euskarak gaur egun bizi duen bidegurutzea, eta hiztunok jokatu dezakegun rolari buruz mintzatuko da, Euskaraldia abiatzeko atarian.