[[ blob.title | words:5 ]]

[[ time | secondsToDate | date: 'HH:mm:ss' ]]

2018-11-23

Hirigintza

SPIk gobernu sozialistaren aparkaleku politikak salatu ditu

Cristina Laborda Mugikortasun arloko zinegotzi sozialistak gogor kritikatu zuen Si Se Puede Ahal Dugu udal taldeak, joan den astean gobernuaren aparkaleku politikari buruz egindako analisi katastrofikoa. Labordaren arabera, prentsaurrekoak eman beharrean, 2011az geroztik martxan den Mugikortasun Mahaian legegintzaldi honetan egindako zortzi bilkuretan egin behar dira proposamenak. Eta sozialistek batzar horretan proposamen eskaxak egitea eta zenbait kasutan bileretara huts egitea ere leporatu diete SPIko kideei.

Hala, Miren Etxebeste, SPIko idazkari nagusiak gaur oroitarazi dio Cristina Labordari, proposamenak behin baino gehiagotan jakinarazi dizkiotela gobernuari. Baita urteotako aparkalekuen gaian eramandako politikekin euren desadostasuna agertu ere. Izan ere, SPIk 2018ko udal aurrekontuen aurka bozkatu baitzuen, hain justu, arrazoi honengatik.

SPIren arabera, gobernu sozialistaren aparkaleku politikaren zutabe nagusiak izan dira azken urteetan, TAO guneak auzoz-auzo zabaltzea gero zerbitzua pribatizatzeko, diru publikoarekin lurpeko aparkalekuak eraikitzea, ondoren kudeaketa esku pribatuetan uzteko, eta ondoren, kaleko aparkalekuak ezabatzea, aparkaleku hauen erabilera eskaxa behartzeko, edota herritarrei garaje pribatu baten erosteko beharra sortzeko.

Bestalde, garraio publikoari buruz ari garela. Aste honetan, PODEMOSeko senataria den Josetxo Arrieta irundarrak Madrilgo Senatuan aurkeztutako RENFEko Irun-Donostia aldiriko trena hobetzeko eskaera onartu egin da. Baina bertan alderdi sozialistak kontra bozkatu ondotik, atzo Jose Antonio Santano alkateak RENFEko zuzendariarekin bilkura eskatu duela iragarri izana, alkatearen aurpegia zuritzeko baino ez dela nabarmendu du David Soto, SPIko bozeramaleak

Gogoratu beharra dago, Senatuan ez ezik, alderdi sozialista izan dela Irunen ere, Oiasso auzo elkarteen federazioak eta RENFEko hunkitutako erabiltzaileen plataformak egindako tren-zerbitzua hobetzeko eskaerarekin bat egin ez duen alderdi bakarra.