Apartamendu turistikoen loraldiari neurria hartzeko eskatu du Abotsanitzek herrikoen etxebizitza eskubidearen faboretan

Antxeta Irratia 2022ko mai. 30a, 00:00

Abotsanitzek VT apartamendu turistikoen arautzeko eskatu dio udal gobernuari. Betidanik herri turistikoa izan bada ere, 2017az geroztik hirukoiztu egin da VT gisa egun edo asteka alokatzen diren herriko apartamenduak. 201 dira orotara, eta ia mila ohe suposatzen ditu fenomeno berri honek. Herriko etxebizitza guztien %2,3a bideratzen da gaur egun horretara, horrenbestez, EAEko lehen postuan aurkitzen da Hondarribia hiriko etxebizitza-parkearen proportzioa kontuan hartuta, Zarautz edota Donostiarena bikoiztuz.

Igor Enparan, Abotsanitzeko bozeramaleak etxebizitza politika publiko ausartago bat egin dezala eskatu dio udal gobernuari. "Herriko gazte eta famili askok ezinezkoa dute oinarrizkoa den etxebizitza baten eskuratzea, alokairuan bada ere", dio, "eta erabilera turistikora bideratzen diren etxeekin, eskaintza murriztu eta prezioak garestitu egiten dira herrian". Halere, Abotsanitzen arabera, VT plakak herriko etxeetako atarietan ugaritzearen arazoa haratago doa, "auzoetako harremana eta segurtasun sentsazioan ez ezik, herriko kondaira eta idiosinkrasian eragiten duelako". Herrian ezin bizi eta lan egitearekin batera, gazteak kanpora baitoaz, eta gizartea bera eraldatzen doalako pixkanaka.