Udal eta Foru hauteskudeak 2023

«Sekulan ikusi ez dugun moduko trantsizio eko-soziala egitera goaz, ezin dugu jendea zaindu eta bizi duela mende bat bezala»

Antxeta Irratia 2023ko mai. 23a, 00:00

Maiatzaren 28ko foru hauteskundeetarako EH Bilduko hautagaia Maddalen Iriarte Okiñena izan dugu gonbidatu Antxeta Irratiko Goizeko Kafean.

 

Bost seme-alaben ama, Maddalen Iriarte Okiñena donostiarrak 60 urte ditu. Ibilbide luzeko kazetaria ofizioz, ETB telebista utzi eta politikan murgiltzeko erabakia hartu zuenetik Euskal Herri osoko txokoetan maitatua sentitu dela aitortzen du. EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramalea izan da, 2016an afiliazio politikorik gabe koalizio abertzalearekin politikan murgildu zenetik. Eta Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagaia da orain maiatzaren 28ko hauteskundeetan, Gipuzkoara “gobernantza-eredu berriak” ekarri nahian.

 

“Pertsonak ardatz jarriko dituen Gipuzkoa” baten aldeko apostua du egina EH Bilduk. Eta zentzu honetan, “zaintzak herri-proiektu bat” direla pentsatzen du Iriarte Okiñenak. EAJk indarrean duen adineko-erresidentzia eta zaintza zerbitzuen pribatizazioaren aldean, “zaintza sistema publiko komunitario bateranzko bidea da, determinazio osoz” bideratu nahi duena, eta dohakotasunerako urratsak emanaz, “kopagoak murriztuz”. Hari horretatik, koalizio subiranistak modu parte-hartzailean Usurbilen garatu dituen zaintza ekosistemak adibidetzat jartzen ditu: “Sare komunitarioak behar dira, ezin dugu jendea zaindu duela mende bat zaintzen genuen bezala”, azpimarratzen du.

 

Bestalde, “hauteskunde kanpainak ez dira euskararen lagunak” bere ustez. Eta lanpostu publikoetarako hizkuntza eskakizunen eztabaidaren harira, legea berrikusi beharra dagoela sinetsita badago ere, euskarak “maitasuna eta pedagogia gehiago” behar duela uste du. Baita “estrategia eta antizipazioa” ere. “Gure herria orain anitza baldin bada, etorkizunean anitzagoa eta aberatsagoa izango da, eta euskarak erronka berriak izango dituenez, euskalgintzarekin eta hezkuntzarekin batera antizipazioz lan egin behar dugu, euskara kohesiorako eta elkarbizitzarako aukera bat delako”, argitzen du.

 

Gipuzkoan politika fiskalaren eztabaida bogan dagoen honetan ere, “gehiago duenak, gehiago ordaindu behar” duelako irizpidea argi du. Eta argi du ere Irun-Hondarribiko alardeen gatazkari buruz, berdintasuna eskubidea den heinean ez dela eztabaidagarria. “Ni Foru Aldundiko buru baldin banaiz, oso pozik etorriko naiz alarde parekideei harrera egitera, baina hori sinbolikoa da”, azaltzen du. Hortaz, elkarrizketa sustatzeko eta lideratzeko asmoa iragarri du, indarrean dagoen lantaldeak determinazio handiagoarekin behar diolako gaiari heldu. “Mahai horretan eseri nahi ez dutenekin ere, lan bat egin beharko da, azken urteetan Gipuzkoako Foru Aldunditik ez bait da aski egin”.

 

Etorkizuna berdea irudikatzen du EH Bilduko hautagaiak. Eta Gipuzkoak duen energia dependentzia handiari begiratuta, energia berriztagarrien erronkari aurre egiteko prest dago. “Krisi klimatikoa iritsi den puntura iritsita, ez dago beste erremediorik, eta haize-errotak jarri beharko ditugu. Eta eztabaida egongo da, baina egon behar du eta adostu, sekulan ikusi ez dugun moduko trantsizioa egitera goaz”.

 

Entzun #Hurbiletik_Maddalen_Iriarte_Okiñena elkarrizketa