Irun-Hondarribiko 11 eskola hunkituko ditu Serunion jangela zerbitzu berriaren kontratua eteteko erabakiak

Koldo Nausia 2023ko aza. 13a, 10:55

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak joan den udan esleitu berri duen eskola publikoetako jangela zerbitzuaren kontratua eteteko espedientea martxan jarri du. Ausolan enpresaren lekukoa hartu zuen abuztuan SerUnion enpresarekin Araban emandako "kalitate arazoen" aurrean kontratua bertan behera utziko du jaurlaritzak.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak jakinarazi duenez, Errioxako enpresak Arabako eskola publikoetan eskainitako menuetan izandako kalitate arazoak dira espedientearen oinarria. Ikasturte hasieratik hona, dagoeneko isun ekonomikoa ezarri zion usteldutako elikagaiak erabiltzeagatik, baita egindako analisietan "mikro-organismo kaltegarriak" topatu zituztelako. Baina egoera hau errepikatu egin dela ikusita erabaki dute kontratua etetea.  

Ikasturte hasieratik etengabeak izan dira kexuak hezkuntza zentro askotan. Araban ez ezik, OarsoBidasoaldean ere. Hernanin ez ezik, Hondarribian "txitxirioetan harriak" azaldu izana salatu egin zuten. Eta Irungo hezkuntza zentroetako ikasle eta gurasoen kezka izan da, eskola askotako Goi Batzorde eta guraso elkarteetako batzarretako eztabaidagai nagusia. 

Gure eskualdea hunkituta

Oroitarazi beharra dago, halere, SERUNION enpresak UTE bat osatu duela OarsoBidasoaldeko eskoletako zerbitzua bermatze aldera. Eta gurean Astigarragako AIBAK enpresak dituela menuak sukaldatzen. Beraz, Araban emandako zerbitzuarekin ez du loturarik. Hala eta guztiz ere, kontratuaren eteteak gure eskualdeko 11 zentrotan eragin nabarmena izango du. Lehen Hezkuntzako Elatzeta, Txingudi Ikastola, Leka Enea, Belaskoenea, Dunboa, Eguzkitza eta Toki Alain. Eta Bigarren Hezkuntzako Hirubide, Toki Alai eta Eguzkitzan ez ezik, Hondarribiko Talaian ere.

Esan bezala, azken asteetan gurasoen kezka eta haserrea emendatzen joan da gure eskualdean ere. Ikasturte hasieran Eusko Jaurlaritzak abuztuan eta azken momentuan hartutako enpresa aldaketaren erabakiaren ondorioz, hainbat logistika arazoengatik ez ezik, askoren ustetan "kalitate gutxiko menuengatik" ere. Txingudi Ikastolan, adibidez, guraso elkarteak proposatuta 20tik gora gurasok izan dute aukera, joan den astean bertan, euren seme-alaben menuak probatzeko. AIBAK enpresak prestutasun osoa agertu du, kezka adierazi duten gurasoak bazkaltzera gonbidatu eta haien zalantzak aurrez-aurre argitzeko ere. Eta Txingudiko Guraso Elkarteak jakinarazi duenez, "guraso gehienek balorazio baikorra egin dute". 

Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakia orokorra denez, orain kontratua etengo bada, noiz eta nork hartuko duen haien lekukoa argitu beharko da. Ikasturte bete-betean tamainako aldaketak egitea suposatuko duen guztiarekin.