garraioa

Hendaia eta Baiona artean ordu erdiro tren bat izatea eztabaidan Eskualdeko Kontseiluan

Aimar Lopez 2023ko abe. 11a, 13:55

Hendaia eta Akizeren artean ordu erdiro TER bat izatea bozkatuko dute Akitania Berria eskualdeko kontseiluan astelehen eta asteartean.

Hendaiatik Baionara joateko trena garraiobide eraginkorra izatea ate joka egon liteke, gaur eta bihar Bordaleko eskualdeko kontseiluan bozkatzen denaren arabera. "Ipar Euskal Herri eta Landesetako RER" delako proiektuaren lehen fasea Hendaia eta Akize artean ordu erdiro TER zerbitzu bat ematea litzake. Gaur egun, ordutegi erregularrik gabeko zerbitzua da; ordu puntetan orduro-edo, egunean zehar, bi orduro-edo dago tren bat.

Baionako sarrera eta irteerek duten kolapsoari irtenbidea izan liteke tren zerbitzu eraginkorra plantan ematea, eta horretaz harago, autoaren erabilera sahiesteko tresna. Hain zuzen ere, kostaldeko herriko etxe gehienek eskatua zuten zerbitzua handitzea, baita urte hastapenean Departamenduko Kontseiluak ere.

Frekuentziaren areagotze hau RER bat sortzearen baitan sartzen da. Orain arte Pariseko eskualdean bakarrik presente da aldiriko tren azkar sistema hau, baina Emmanuel Macronek estatu osora zabaltzeko asmoa erakutsi zuen. Honekin, Hendaia eta Akize artean ez ezik, Baiona eta Donostia artean ere tren zerbitzu jarraia ikus genezake, Europa mailako bertze metropoli batzuetan baden bezala.

Momentuz baina, bozketa aurrera ateraz gero, frekuentziaren areagotzeaz gain Bidarte eta Tarnozeko geltoki itxiak berriz ireki litezke. EHBaiko kontseilari departamental Iker Elizaldek irailean Antxeta Irratian azaldu zuenez, neurri honen esperoan daude trantsizio ekologikoa eta herritarren mugikortasuna hobetzeko. Urruñan eta Erlaitzan, Galbarreta inguruan ere geltoki bana irekitzea eskatzen dute abertzaleek.