Bideoak

Déclics erronka abian da, elikadura jasangarriaren alde

Aimar Lopez 2024ko mai. 1a, 12:00

Apirilaren 29tik ekainaren 22ra elikadura osasuntsua eta tokiko kontsumoa uztartuko dituzte hamarka herritar parte hartzailek · Sei asteko erronka behin betiko jarrera bilakatzea espero dute antolatzaileek

Sei astez elikadura sanoagoa, tokikoagoa eta jasangarriagoa izatea: horixe Euskal Itsasbazterreko eta Barnekaldeko CPIEk eta Euskal Hirigune Elkargoak elkarlanean herritarrei egin dieten erronka. Déclics izena du, frantses estatu mailan proposatuak baitira eronkak ingurumenaren aldeko elkarte batzuengandik. "Déclic" hitzak, berez, "klisk" erran nahi du, eta ohitura batzuk aldatuz amalurraren alde klisk egitea da proposamena. Izena, haatik, akronimoa ere bada: Klimaren eta Neurritasunaren aldeko Tokiko Erronka Herritar Parte hartzaileak. Herritarrak baitira erronka hauen erdigunean, eta Ipar Euskal Herriko kasuan, bi CPIE egiturak dituzte bidelagun.

Jon Frahier Itsasbazterreko CPIEko misio kargudunak azaldu duenez, garrantzitsua da tokiko kontsumo jasangarria prezio garestiari lotua dela burutik kentzea. Denda batzuk garestiak izan badaitezke, ekoizle txikiei zuzenean erostea ez da beste aukera arrunt batzuk baina karioago. Haren ustez, desafioan parte hartzen duten herritarrak halakoez ohartuko dira heldu diren asteetan.

Sasoiko mozkinak ekoizteari ere eman dio garrantzia, eta kontzientzia sortzea espero du, sasoiz kanpoko kontsumoa ez baita "normala". Frahieren ustez, sei asteko erronkaren ondotik, agerian geldituko da ohiturak aldatzea uste baina errazagoa dela, eta ahoz-ahoko komunikazioa izanen da herritarren artean, erraztasun horren berri zabalduz. Espero du sei asteko ohitura berri horiek etxeetan betikotuko direla.