Maialen Caballero "Mai"

«Azalean betirako tatuaje bat egiteko bezeroak zurekin egiten duen konfiantza, zerbait handia da»

Ekhiñe Zapiain 2024ko mai. 7a, 15:28

Maialen Caballero (Mai deitzen diote eta hala gustoko du) 28 urteko hendaiarra da, eta 10 urte daramatza tatuajeak egiten. Primeran plataformak estreinatu berri duen sukaldaritza eta tatuajeak uztartzen dituen DASTATTOO saioko gidaria eta protagonista da. Baina pantailen ospetik urrun ere, Behobian duen estudiotik azala lientzotzat duen tatuajearen artelanetan darama burubelarri sei urte.

Duela sei urte zabaldu zituen Maik bere Irungo Santa Venus Tattoo Studio dendaren ateak. Behobiako muga ondoan aurkitzen da, Juan Thalamas Labandibar, 35ean, eta bere lanetako batzuk sare sozialetan Instagram eta Facebooken ere, izen hori bilatuz topatuko duzute. Kontatu digunez, 14 urte zituela hasi zen tatuatzaileen telebista saioak ikusten, eta haien itxura edo estiloa gustokoa bazuen ere, marrazketa munduan zentratu eta Arte Ederrak ikastearekin sakontzen joan zen mundu horretan.

Izan ere, tatuajeak artea dira, eta akats gutxi onartzen dituena. «Bere azalean betirako tatuaje bat egiteko bezeroak zurekin hartzen duen konfiantza oso handia da», dio artista bidasotar honek. Azken urteetan garai bateko etiketak lausotu dira apur bat, baina tatuaje munduaren prestigioari buruz galdetuta aitortzen digunez, bere bezeroen artean denetarik dago «abokatuak, medikuak… Gaur egun ez dut uste dagoeneko hain estigmatizatua dagoenik, baina kalean batzuetan sentitu ditut begiradak, eta triste jartzen nau horrek». Far egiten du, aldiz, jende askoren ohiko galderarekin. «Asko dago ezinezkoa iruditzen zaiona tatuajeak egiteaz bizi zaitezkela. Baina beste lanen bat izango duzu?», galdetzen diote sarritan. Eta ez da farregarria bide erraza izan duelako. Profesionalizatzea erabaki zuenean jauzi zaila izan zela gogoan baitu. «Ikasketak bukatu nituenean, senideek asko lagundu ninduten. Unibertsitatetik atera berri nengoen eta urduritasun handiarekin, baina gaztea nintzen eta saiatu behar nuela pentsatu nuen», dio Maik. Sei urte beranduago pozik dago, eta bere tatuaje teknika oso definituta daukala azpimarratzen du: «Lineala, fina eta puntillismo teknika asko erabiliz».

Tatuajea eta gastronomia maridajea telebistan

Baina bere tinta lineak eta esperientzia haratago joan da azken aldian. Mairen aurpegia ezaguna izan daiteke askorentzat, PRIMERAN plataformak estreinatu berri duen DASTATTOO saioko gidaria eta protagonista delako. Saio honetan, sukaldaritza eta tatuajeak uztartzen dira. 23 minutuko atal bakoitzean, Maiek sukaldari bat ezagutu eta honek plater bat kozinatu dio. Trukean, tatuatzaileak tatuaje bat egin dio sukaldariari. Gurekin izan dugu Mai irratian, bere tatuatzaile ibilbideaz eta egin berri duen programaz solasean.

Esperientzia polita izan dela esan digu, baina oso gogorra. Argiki galdetuta, ez ditu ateak itxiko etorkizun batean, baina ez daki errepikatuko lukeen. «Ez orain bertan», aitortzen du. Begira Produkzioaren lantaldeak asko lagundu diola nabarmentzen du, baina «telebista atzean dagoen lana ezagutu dut», dio, eta nahiago du momentuz Behobian duen estudioan konfiantza egiten dioten bezeroetan zentratu.