"Hezur Berriak" film laburra aurkeztuko dute ortziralean Beran

Paola Oskoz 2023ko abe. 20a, 14:04

Portugaldarrek Bidasoa ibaia zeharkatu behar izan zutenean sufritutakoa kontatu nahi izan du Aritz Lazkanok bere filmean, kontrabandoa desromantizatuz eta sekretupean mantendu diren istorioak azaleratuz. 

Lesakan egoitza duen Skullmendi Films ekoiztetxeak bere azken film laburra “Hezur Berriak” proiektatuko du ortzirale honetan, abenduaren 22an, 20:00etan Berako Kultur Etxean. Bidasoa ibaiaren mugan dauden herrietan, historian zehar, emandako kontrabandoa desromantizatu nahi izan du Aritz Lazkano zuzendariak, eta sekretupean mantendu direnak azaleratu. 

60 eta 70. hamarkaden artean kokatu dute Aritz Lazkano eta Andoni Mendizabal zuzendariek “Hezur Berriak” film laburra. Garai hartan, portugaldar aunitz igaro ziren Bortzirietako herrietatik, Bidasoa ibaia zeharkatzeko asmoz. 500.000 bat portugaldar izan ziren guztira urteetan gure lurraldetik pasatu zirenak, Frantziara ailegatzeko helburuarekin. Tartean, gaur egun oraindik bizi ditugun ezbeharrak sufritu zituzten beraiek ere: ibaian iota hil, kontrabandoan ibiltzen ziren mafien eskuetan erori, bortxaketak, erahilketak, gezurrak, etab. Mugan dauden herrietako biztanle aunitzek ere sarraski horietan parte hartu zuten, eta sekretupean irauten dute orduko istorioek oraindik. 

Aritz Lazkanok Rosa Arburua Etxalarko historiagilearen ahotik izan zuen pasarte honen berri. Ikertzen hasi eta garai hura bizi izan zutenen testigantzak bildu zituen. Gure herriko historiaren zati bat argitara emateko helburuarekin, istorio bat sortu eta “Hezur Berriak” film laburra ekoitzi zuen. Hala ere, 23 minutu motz gelditu zaizkio duen informazio guztia kontatzeko, eta dagoeneko film luze bat ere prestatzen ari dira gai honen inguruan sakontzeko. 

Filmean eskualdeko jendean ere parte hartu du. Javi Barandiaran, Oier Zuñiga, Aritza Rodriguez, Ana Furones, Zé Garcia, Imanol Olaizola, Elodie Douvry eta Juanen Saralegi lesakarra dira film laburraren protagonistak. Zuzendaritzan, Aritz Lazkano eta Andoni Mendizabal aritu dira. Felix Cortés izan da argazki zuzendaria eta Xabier Erkizia lesakarra soinuarena. Azkenik, Garaxi Taberna beratarra izan da produktorea exekutiboa.