Olentzero eta Mari Domingiren etorrera ospatuko dute igandean Beran

Paola Oskoz 2023ko abe. 21a, 13:09

Gabonak ospatuko dituzte Beran ere ohiko egitarauarekin. Abenduaren 24an Olentzero eta Mari Domingiren etorrera ospatuko dute arratsaldez eta urteko azken egunean berriz, Dios te Salve kantatzera aterako dira kalera. 

Estitxu Pinatxo kultur zinegotziak kontatu duenez, "Hezur Berriak" film laburra proiektatuko dute bihar, abenduaren 22an, 20:00etan Berako kultur etxean. Abenduaren 23an berriz, zahar etxearen alde diru bilketa eginen dute, Funbox Factory taldearen ikuskizunarekin. Igandean berriz, abenduaren 24an, Gabonei hasiera emanen diete, Olentzero eta Mari Domingiren etorrerarekin.

Heldu den astean berriz, bertze bi hitzordu izanen dituzte herrian. Abenduaren 29an, Kataku ostatuan ohiko mikro irekiko jaialdia izanen dute eta urteko azken egunean azkenik, Dios te Salve kantatzera aterako dira herriko kaleetan zehar, baita baserrietan barrena ere.