Garapen bizian den Biriatuko Ikastolaren beharrak asetzeko puntako bertso saioa larunbatean

Antxeta Irratia 2024ko api. 3a, 12:43

2015ean 5 ikaslerekin abiatu zen proiektuak 30 biltzen ditu gaur egun, hastapeneko Frantxa Baita egoitza berean. Ikastolaren beharrak arintzeko eta proiektua sustengatzeko bertso saioan Aurten Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Julio Soto eta Maddi Ane Txoperena bilduko dituzte aurten. Sartzeak 12 eurotan dira eta haurrendako urririk. 

Biriatuko Ikastolako guraso eta laguntzaileek puntako bertso saioa antolatu dute apirilaren 6an. Urtero ikastolaren proiektua sustengatzeko ekitaldia dute, eta urtero bezala goi mailako bertsolariek bat egin dute ekimenarekin. Oraingoan Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Julio Soto eta Maddi Ane Txoperena bilduko dituzte Biriatuko elizan, eta sartzeak 12 eurotan dira helduendako, eta haurrendako urririk.

Hendaiako Ikastolaren adar gisa sortu zuten 2015ean Biriatuko Ikastola Seaskaren "herri bat , ikastola bat" leloari jarraiki. Eta garai hartan Hendaiako Gure Ikastolan ari ziren bost ikasle biriatuar eskolatzeko proiektu xumea zena, herri erdian dagoen Frantxa Baita etxean kokatu zituzten.

Garapen nabarmena

Bederatzi urteotan proiektua garatzen joan da herrian, eta Biriatuk 1.000 biztanle eskax dituen arren, gaur egun 30 haur ari dira ikastolan euskaraz ikasten. «Garapen nabarmena izan du proiektuak», aitortzen du Brais Perez ikastolako gurasoak, «eta ikastolaren egoitza ttipi geratu zen aspaldi». Urteak daramatzate, hastapenetik, proiektua handituko zen heinean egungo egoitzaren alternatiba baten bilaketan. Baina herrian ez daude sobera leku posible.

Azken urteetan espazio berrien beharrari erantzuteko, Biriatuko herriko etxeak sala bat alokatzen die zenbait jarduera bertan egiteko. Baina ikastola berria behar dute. Ikastolako gurasoek azaldu digutenez, Herri Elkargoaren jabetzakoa den  Bakea eraikina ikastola berria sortzeko aukera dute, eta herriko etxeak bere babesa erakutsi die ikastola berria hor sortzeko, baina tramitetan urteak daramatzate, aldiz, «hitzak baditugu, baina ekintzarik ez oraindik».  

Bien bitartean, ikastolaren proiektua aurrera eramateko hainbat ekintza antolatzen dituzte 30 ikasle horietako 23 familiek, eta horietariko garrantzitsuena behar bada, urteroko bertso saioa izaten dute. Apirilaren 6 honetan, ikastola sustengatzeko eta puntako bertsolariak bertatik bertara gozatzeko sarrerak erreserbatu nahi dituenak bi aukera ditu telefonoz. Hegoaldetik deituz 657 733 290 edota Iparraldetik deituz +33 0688 769 907. Bestenaz, Pausuko Xaia ostatuan galdetu.