Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin hasi eta Iparraldeko Dantzari Egunarekin borobilduko du Akelarrek Hendaiako udaberria

Antxeta Irratia 2024ko mar. 8a, 14:57

Hendaiako Akelarre euskal kultur elkarteak 50 urte betetzen ditu aurten, ohiko Udaberriko Besta prestatzen ari da. Martxoaren 17an Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen "Ez gara jaitsiko!" ikusgarriarekin hasiko dira, eta apirilan Iparraldeko Dantzari Egunarekin borobilduko dute. Baina urtemuga ospakizun handia udazkenerako prestatuko dute. 

Akelarre elkarteak urtero gonbidatzen ditu Pirritx, Porrotx eta Marimotots udaberrian haien azken ikusgarria Beltzeniako Daniel Ugarte pilotalekuan aurkeztera. Eta aurten elkarteak mende erdi beteko duen honetan, ez dute huts eginen. Martxoaren 17an 11:00etan izango da, eta sarrerak akelarre.eus atarian eros daitezke internet bidez. Baita Hendaiako LO VI kafetegian eta Irungo Real Union ostatuan ere. 

Halere, urtero bezala Udaberriko Besta antolatuko duten arren, ez da urterokoa bezalakoa izango. Inko Manterola, Akelarre elkarteko kideak azaldu digunez, elkartearen 50 urteak ospatzeko ekitaldi handiena azaroan ospatzeko asmoa dute, izan ere, 1974. urteko azaroan sortu zen Akelarre. Baina jarduera guztietan euskara erabili eta defendatuz, Hendaiako euskal kultura garatzeko engaiamendua harturik, elkarteko bigarren ardatz nagusia euskal dantza da. Elkartea sortu eta denbora guttira hasi zen euskal dantza taldea, eta gaur egun 80-100 bazkide inguru mantentzen ditu urtero, 6 urteko haurretatik hasita.

Hala, Akelarre elkartea Iparraldeko Dantzarien Biltzarrarekin (IDB) kidetua da, eta hainbatetan Dantzari Egunak antolatu baditu ere, aurtengoa berezia izango da. Iparraldeko Dantzari Eguna prestatzen ari dira apirilaren 13rako, eta Manterolak iragarri duenez 200-300 dantzari biltzea espero dute, oraindik ere talde guztiak lotu gabe izanik, kopurua zehaztea zaila bada ere. Goizean Hendaiako auzoetan desfilean ariko dira dantzan, eta bazkari herrikoi baten ondotik ikusgarri handia ere izango da. Udaberriko Besta hontarako antolatutako ekintza guzien berri eman digu Inko Manterolak.