«Herritarrentzat bortitza da Gizarte Zerbitzura jotzea. Bulego berrian elkar topa ez daitezen aldaketak egitea ez da estetikoa, ondo antolatzea baizik»

Koldo Nausia 2023ko aza. 3a, 13:29

Harriduraz hartu ditu Josu Peñak Muliateko proiektuari buruz EAJren adierazpenak. Obra-proiektuan aldatu beharrekoak “aldaketa estetikoak baino, estrukturalak edo kontzeptukoak” direla dio, eta jeltzaleek egindako “akatsak orain besteei ez leporatzeko” eskatu die.

Gizarte Zerbitzuen bulegoa Muliatera lekualdatzeko proiektuak eztabaida politikoa piztu du Hondarribian. Garai batean Presa I promozioan (Biteri parean) kokatzeko akordioa itxi zuen udalak VISESArekin. Baina etxe hauen eraikuntza atzeratzen joan dela ikusita, garaiko EAJren udal gobernuak Muliaten kokatzea deliberatu zuen 2021ean. Baita 80.000 euroko diru partida onartu ere proiektua erredaktatzeko.

Aste honetan, “kapritxo politikotzat” jo du Gonzalo Carrion ‘Txalo’k Abotsanitzen udal gobernuaren proiektua moldatzeko erabakia. Bozeramale jeltzaleak eurek martxoko kreditu aldaketan “lotuta utzi” zuten bulego berrien proiektuari “aldaketa estetikoak” egiteko, proiektua atzeratzeko arriskuaz ohartarazi du. Eta bere kezka adierazi du 2024ko udal aurrekontuen zirriborroan obra garatzeko partidarik ez dagoela ikusita.

Zentzu honetan, Alde Zaharreko Pampinot kaleko bulegoen lekualdaketa ezinbestekoa dela aitortu du Gizarte Zerbitzuetako hautetsia den Josu Peñak. Abotsanitzeko ordezkariak dioenez, “gure plan barruan dago, eta lehentasuna da, baina badirudi beldurra eragin nahi dutela herritarren artean”.

Kontzeptu aldaketa

Era berean, egin beharreko aldaketak estetikoak direnik ukatu egin du. Izan ere, proiektuaren planoak jaso zituztenean ohartu ziren arazo estetikoak baino, estrukturalak dituela, kontzeptukoak bere ustetan. “Gizarte Zerbitzuetara hurbiltzen den herritarrarentzat nahiko bortitza da, eta besteekin ez elkar topatzea kontuan hartu behar den irizpidea da, anonimotasuna bermatzeko”, dio. Horregatik egiten dira txandak. Horren arabera egituratu beharra dagoenez, proiektua hobeto zehaztu beharra dagoela uste du udal gobernuak.

Bestalde, jeltzaleek euren kritikan erabilitako terminoak “harriduraz” hartu dituela airtortu du Peñak. “Prentsan oso polita geratzen da diru partida handiak lotuta utzi eta bideratu direla esatea, baina eurek bazekiten proiektua ez zela egingarria horrela, beraz herritarrei gezurretan aritu dira”, argitu du. Eta baldintza hauetan egingarria ez den heinean, 2024ko udal aurrekontuen zirriborroan partidarik ez bideratu izanak, ez du esan nahi egingo ez denik. “Proiektu ongi zehaztu eta Gizarte Zerbitzuen beharretara egokitutakoa baldin bada kreditu modifikazioan eramango dugu aurrera” iragarri du hautetsiak, “gizarte zerbitzuak gure lehentasunetako bat da, horretan gaude”.