Hondarribia UEMAko 104. herria izango da, aho batez onartu ez bada ere

Antxeta Irratia 2023ko aza. 24a, 12:58

Herria euskalduntzeko eta euskara arnasguneak indartzen lagunduko duen UEMAko 104. herria bilakatuko da Hondarribia urte bukaera baino lehen. "Momentu historiko baten aurrean gaudela", nabarmendu du Ortzi Alonso Euskara zinegotziak. Atzoko udalbatzan Abotsanitz eta EH Bilduk alde bozkatu zuten. Aldiz, EAJ abstenitu egin zen eta PSE-EEk kontra bozkatu zuen. 

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) "euskaraz bizi nahi duten udalerrien beharrei erantzuteko" eskaintzen dituen zerbitzuekin bat egiteko hautua egin du Hondarribiko Udalak. Aspaldidanik bultzatu du eskaera hau EH Bilduk honakoa. Eta horregatik pozik azaldu da Garoa Lekuona bozeramalea emandako urratsarekin. “Gaur egun Hondarribian euskaren erabilerarekin dugun arazoari irtenbideak bilatzeko lagunduko digu”, azpimarratu du. 

Mozioaren proposamena, aldiz, alkatetzatik egina izan zen. Eta Ortzi Alonso Euskara udal ordezkariak defendatu zuen. Abotsanitzeko zinegotziak azaldu duenez, "erakundearen kidea egiteak hizkuntza politikak diseinatzen diren organoetan parte hartzea bermatuko digu, eta estrategia egokiak garatzea ahalbidetuko digu Hondarribian". Zentzu honetan, euskara sustatzeko akuilua izango dela dio. "Momentu historiko batean gaudela esango nuke, zorionez. Baina euskararen erabilera eta joera zein den ikusita zoritxarrekoa bada ere", azpimarratu du Alonsok. 

Horiek hala, Abotsanitz eta EH Bilduren baiezkoekin aurrera atera zen. Bien bitartean, EAJ abstenitu egin zen, “nahiz eta proposamenarekin ados egon”. Jeltzaleek argudiatu dute ez dela horretarako  batzorderik egin. PSE-EE izan da aurka agertu den bakarra “besteak beste, ez delako proportzionaltasunik gordetzen herrien populazio kopuruarekin eta errepresentatibitatearekin”. Horrenbestez, Hondarribia UEMAko 104. herria bilakatuko da, eta urtea bukatu aurretik gauzatuko da hori. Atzoko udalbatzan UEMAren estatutuak onartu eta Hondarribia erakunde horretara atxikitzeko proposamena onartu ondotik.

Udalen euskalduntzeaz gain, udalerri euskaldunen zaintza eta garapena, eta bertako herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea dira UEMAren helburuen artean. Zentzu horretan, Igor Enparan alkateak UEMAn sartzeak egin beharreko lanak erraztu egingo dituela iragarri du. Pozik hartu du udalak emandako urratsa eta “ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea murrizteko laguntza guztia beharrezkoa” dela gaineratu du. Izan ere, Soziolinguistika Klusterrak egindako azken inkesten bilakaera kezkagarria baita. 2021 hondarribitarren %64,58 euskaldunak ziren eta %16,47 ia euskaldunak. Hortaz, 2016ko azterketekin alderatuta, ezagutzan urteotan 8 puntuko igoera eman bada ere, erabileran beste hainbesteko apaltzea eman da. 2016an %24,6ko erabilera zen bitartean, azkenekoan (2021) %16,3a izan zen. Gainera haur eta gazteen artean %10era hamildu da erabilera.