Blagan - Euskararen eguna

«Ez diogu ezerri buelta emango festa batekin, baina euskaldunak garenok begietara elkar begiratzeko egun polita izango da»

Koldo Nausia 2023ko aza. 28a, 16:04

Abenduaren 2an "hotz egin dezake, baina euskararen berotasunean tarte goxo bat pasatzeko" egun osoko egitaraua antolatu du Blagan euskara elkarteak Hondarribian. Euskararen Eguna ospatzeko Arrantzale Auzoan hasiko dute eguna 11:00etan eta Kasino Zaharrean amaitu gauerdia pasata. 

Euskararen Eguna ate joka dugula, Euskararen Eguna ospatzeko jaialdia antolatu du Blagan euskara elkarteak larunbatean Hondarribian. Goizeko 11:00etan hasiko dira Arrantzale Auzoan (Gran Sol eta Itxaropena tabernen artean), eta Kasino Zaharrean bukatuko dute berandu, adin guzietarako proposamenekin. "Bazkaltzen eta parrandan denak animatzen gera, eta ea euskaraz egun oso bat ematen dugun Hondarbin", dio Rosa Arocena Blaganeko kideak. Helburu horrekin, egun osoko egitaraua prestatu dute.

Esan bezala, Arrantzale Auzoan, Santamariamadalena tailerraren eskutik haurrentzako jarduerak egingo dituzte lemixi, 11:00etatik 13:00 arte. Tartean, 12:00tan Beñat Gaztelumendi eta Maialen Akizurekin bertso-poteoan hasiko dira, Alde Zaharrerako bidean. 14:30ean herri bazkaria antolatu baitute Kasino Zaharrean. Iazko planteamendu beretsua dute, aurten gehienez ere, 150 lagun biltzeko asmoa dute bazkarian. Eta Hondarribiko Udalaren laguntza eskertu nahi izan du Blaganek, karpa, oholtza eta bazkaltzeko mahai eta aulkiak udalak segurtatuko baititu. Elkarteak giroa besterik ez du jarri beharko. Eta txosna bat ere egongo dela iragarri dute. Bazkalondokoan, 17:00etan Jon Martinez 'Txiki'ren eskutik umorezko bakarrizketa saioa izango da, eta 19:00etatik aurrera musika. Jawata Anti-DJrekin hasiko dira, eta 21:00etatik aurrera herriko musikarien eskutik kontzertuak: HOK TTUK HAMALAU, THE IIINGLES nesken taldea eta SKUBI. Gauerdia pasata bukatuko dute Euskararen Eguna ospatzen. 

Ospatzeko baino, hauspotzeko gehiago

Blagan elkarteko kideak kezkaturik azaldu dira herrian euskarak bere lekua galtzen doalako azken urteotan. Hondarribitarren %70a euskalduna bada ere, kaleko erabilera %16,4koa dela egiaztatu zuten Sozionlingustika Klusterrak 2021ean egindako egindako azken azterketek. Eta horrek kezkatzen ditu Blaganeko kideak. Estitxu Arretxe eta Rosa Arocena izan ditugu Goizeko Kafean gonbidaturik. Eta kontziente dira Itxeki Euskarari bezalako kanpainetan herritarren babes handia jaso izan duten arren, asko dagoela egiteko euskararen erabilera egunerokoan bultzatzeko. "Tristea da, hau oso herri euskalduna izan da, aiton-amonak bakarrik euskaraz zekiten, eta azken bi belaunalditan oso gutxi entzuten da kalean", dio Arocenak.

Ongi dakite besta egun batekin ez dutela egoera aldatuko."Herriko jende euskalduna batzea eta euskaldunok garenok begietara begiratzea da helburua", dio Estitxu Arretxek, "ez diogu ezerri buelta emango, baina euskaldunak bagera batzuk, badugu zerbait oso polita, eta euskara balioan jarri behar dugu, ea egunez-egun jendea aktibatu eta aurrera egiten dugun".

Halere, bi hondarribia daudela aitortzen dute. Udakoa, "kanpoko bisitarien artean hondarribitarrak zokoratuak geratzen diren hori", eta euskarak kalean presentzia handiagoa izan dezakeen negukoa bestetik. Eta horretan indar bat egin beharra dagoela aldarrikatzen dute. 

OHARRA: Herri bazkarirako txartelak ITXOLAN eta TTOPARAN eskura daude 10 eurotan helduentzako eta 5 eurotan 14 urte arteko haurrentzat.