Judas arrieta

«Erretratu bakoitza aztarna utziko duen Hondarribiko istorio txiki bat da»

Koldo Nausia 2024ko ots. 22a, 11:28

Hondarribia Ilustratua proiektuari ekin dio Judas Arrieta artista hondarribiarrak. Bere herriko bizilagunen erretratuak egin nahi ditu, itxura fisikoaren errealismotik haratago, erretratu bakoitzak gordetzen dituen istorio anonimoak azaleraziz. Herri eta garai baten esentzia, izaera eta identitatea bere herritarrek osatzen dutelako.

«Ez du zergatik pertsona ospetsua edo ezaguna izan beharrikan», argitu du Judas Arrieta artista hondarribiarrak. Komunitate baten (Hondarribiko herria) garaiko argazki bat irudikatu nahi du, eta horretarako ehun bat hondarribiarren erretratuak egin nahi ditu, «istorio anonimoak bildu» eta, artea sozializatuz, herritarren hausnarketa bultzatzeko zenbait ekimen ere aurreikusten ditu gerora. Oso argi du proiektua «irekia, parte-hartzailea eta herritarrentzat joan-etorrikoa» behar duela, eta zenbait hamarkada barru, garai bateko Hondarribiaren aztarna utz dezakeela sinetsita dago.   

Azken bi urteotan bere buruan su txikian sukaldatu duen  ‘Hondarribia Ilustratua’ proiektu berriak erretratu bilduma edo almanake bat osatzea du helburu fisikoa, obrak digitalean sortuko baditu ere. Baina askoz haratago doa. «Herri bat ez dute lekuek egiten, pertsonek baizik» dio Arrietak, «eta garai batean bakarrik burgesiak, agintariek, boteretsuek egin ohi zituzten erretratuak, baina herri baten izaera, tradizioak, errealitatea pertsona anonimo askok osatzen dute». Eta hori da proiektu honekin bildu eta irudikatu nahi duena.

Horretarako, hondarribiar orori deia luzatu die erretratu bat egiteko anima daitezen. Modelo izango diren horiekin adostu nahi du erretratua, irudi errealista izanda ere, ikuspegi subjetiboa landuz, eta enkarguaren eskaerari kasu eginez. «Norbanakoak ala kolektiboak ere izan daitezke, txikiteroak tabernan, herri olinpiadetako koadrila bat, senegaldar komunitatea, herriko saskibaloi taldeko neskak edo familia oso bat esate baterako, denek osatzen dute Hondarribia, eta denek dute euren istorio txikia», argitu digu artistak. Erretratuaren truke, 50 eurotik hasita prezio sinboliko bat kobratu du Arrietak, erretratua bera eta sareetarako egokitutako sorkuntza prozesuaren bideo dinamikoa barne. Izan ere, momentuz, proiektuak ez du inolako babesle publikorik, ez pribaturik.

Proiektuaren eragin biderkatzailea

Halere, erretratuak sortu eta bilduma behin osatuta, bidelagunak bilatuko ditu obra saretu eta sozializatzeko helburuarekin. Arrietak azaldu digunez, Erretratu Liburu bat argitaratu nahi du, baina joan-etorriko proiektu bat denez, herritarren eskura jartzeko herriko txoko desberdinetan ikusgai jarri nahiko lituzke. «Obra digitala da, baina euskarri desberdinetara egokituko da erakusketa fisikoak ere egiteko», dio. Eta adibideak ere amesten ditu: «Hauteskundeetarako erabiltzen diren propagandarako panelak bezalakoak jar daitezke auzoz-auzo erretratuak denek ikusteko, bisita komentatuak antolatu, udalak dituen erretratu zaharrekin batera parezkatu eta eztabaida sortu», azaltzen du. Helburua beti, «Hondarribiko komunitatea osatzen duten pertsonei buruz hausnartu, eta herri baten identitatea istorio txikietaz osatua» dagoela ohartzea izango dela nabarmendu baitu.

Dena den, astero egingo dituen bizpahiru erretratuak Instagram kontuetan (@hondarribia_ilustratua eta @judas_arrieta) plazaratuko ditu pixkanaka. Orain artean Arantxa Urretabizkaia, Joseba Llorente, Nestor Basterretxea, Unai Emery edota Itziar Mendizabalen erretratuak sortu ditu, baita hain ezagunak ez diren zenbait pertsonenak ere. 

Bestalde, proiektu irekia dela aipatu digu. Bere sormena izanik ere, Hondarribian herriko bizilagunen erretratuak egiteko gai diren artista asko dagoela dio, norbere teknika eta ikuspegiarekin. Eta «aberasgarria» izan daitekeelakoan, proiektua bide horretan garatzen segitzeko atea zabalik utzi nahi du.

Proiektuan parte hartzeko interesa duen orok Judas Arrieta artistarekin harremanetan sar daiteke aipatutako Instagram kontuen bitartez, 649 074 406 telefonora deituz edota info@judasarrieta.com helbide elektronikoan. Bestela, zuzenean berarengana jo daiteke arazorik gabe. «Kalean topatzen didanak galdetu dezala eta azalduko diot lasai, gainera nik interesekoak ditudan zenbait kolektiboengana ere joko dut, proaktiboa izango naiz», iragarri du.