Garai hontako Hondarribiaren lekuko izango den erretratuen proiektua aurkeztuko du Judas Arrietak Zuloaga Etxean

Antxeta Irratia 2024ko api. 3a, 15:27

Ostegun honetan 19:00etan Sare Sozial Ilustratua proiektuaren aurkezpena egingo du Judas Arrietak Hondarribiko Zuloaga Etxeko liburutegian. Bi urteko proiektuari ekin dio gaur egungo Hondarribiko herriaren «esentzia, izaera eta identitatea» bertako biztanleen erretratuen bitartez bildu nahian.

Hondarribiko Sare Sozial Ilustratua proiektuan burubelarri lanean dabil Judas Arrieta artista hondarribiarrak. Eta ostegun honetan 19:00etan aurkezpen publikoa egingo du Zuloaga Etxeko liburutegian. Bere herriko bizilagunen erretratuak egin nahi ditu, itxura fisikoaren errealismotik haratago joanda, erretratu bakoitzak gordetzen dituen istorio anonimoak azaleraziz. Herri eta garai baten esentzia, izaera eta identitatea bere herritarrek osatzen dutela dio Judas Arrietak, eta osatu nahi duen 100 bat erretratuen bildumak garai hontako Hondarribiaren aztarna utz dezakeela sinetsita dago. Erretratu bakoitzak istorio txiki bat kontatuko duela iragarri du, eta protagonistak ez dute zergatik herriko pertsona ospetsuak izan beharrik. 

Artea sozializatu nahi du Arrietak, eta egindako lanaren saretzearekin batera, hausnarketa eta eztabaida piztu nahi du herrian. Horregatik ere, bi urteko proiektu hau herritarren parte hartzearekin eraman nahi du aurrera. Eta ostegunean herritarren aurrean aurkeztuko du Zuloaga Etxean, arratsaldeko 19:00etan. Erretratatuak izateko prest diren hondarribiarrak bilatzen ditu, eta haiekin adostuko du nola ilustratuko duen norberak kontatzeko duen istorioa, edo herrian utz dezakeen aztarna.