Nafarroako azken portua galdu zuteneko 500 urteak gogoan hartuko dituzte Hondarribian

Koldo Nausia 2024ko api. 12a, 12:18

“Azken Gaztelua, Azken Portua” ekimenarekin Hondarribiak bere historiaren nafar sustraiak aldarrikatu nahi ditu. Arma Plazan erakusketa, adituen hitzaldiak eta Nafarroako Erresuma izateari utzi zueneko 500. urteurrena gogoan hartzeko ekimenekin batera, Baztango Amaiurgo herriarekin senidetzeko ekitaldia ospatuko dute apirilaren 27an.

Mende luzez, Baztango haranaren zaintzaile nagusia, Amaiurgo gaztelua Nafar Erresumaren azken gaztelua izan zen. 1522ko uztailan Karlos I. Gaztelako erregeak abiatu azken ofentsiban, Jaime Belatz de Medrano buru zuen 200 nafar inguruk osatutako goarnizioak astebeteko borroka desorekatu baten ondotik galdu zuten gaztelua. Eta abuztuaren 11an Baztango bailara osoan entzun zen leherketa batekin eraitsi egin zuten. Aranzadi Zientzi Elkarteak egindako azken indusketa eta berreskuratze lanei esker, gaur egun Amaiurren gotorlekua bisitagarri dute, baita euren historiaren berri ematen duen Historia eta Ikerketa Zentroa bere museo txikiarekin ere.

Aldiz, Amaiur 1522an Nafar Erresumak galdu zuen azken gaztelua izan zen bezala, garaiko plaza militar garrantzitsuena zen Hondarribia, Nafar Erresumaren azken portua izan zela azpimarratu nahi duen ekimena antolatu du Hondarribiko Udalak orain, 1524ko apirilaren 29an indarrean sartu zen Hondarribiko Barkamena agiriaren 500. Urtemuga aitzakia hartuta.

Mende erdi gogoan hartzeko urte osoa

Hau guztia nabarmentzeko, Arma Plazan maiatzaren 12a arte ikusgai dagoen erakusketa antolatu dute, Amaiur eta Hondarribia historikoki izan duten lotura adierazten duten hainbat piezarekin. Gabri Alonsok diseinatu du iruditeria. Eta Xabi Strubel musikari hondarribiarrak “Mugarria” izeneko poema musikatua sortu du espreski urtemuga honetarako. Erakusketan bertan entzun ahal izango da.

Era berean, bi hitzaldi programatu dituzte gaian sakontzeko. Apirilaren 19an Peio Monteanoren eskutik, “Hondarribia eta Nafarroako guda (1521-1524)” hitzaldia izango da Karlos V. Paradorean (19:00etan). Eta apirilaren 26an Aitor Pescador aditua gonbidatu dute leku eta ordu berean, “Arerioa ispiluan. Nafarroako gudako nortasunak eta erreferenteak” hitzaldia eman dezan. Goio Uriarte Kultura teknikariak iragarri duenez, 2024 urtean zehar beste zenbait ekintza antolatuko dituzte, EHUko Udako ikastaro bat antolatu nahi dute, adibidez.

Ekimenak, aldiz, hondarribitarren nortasun eta historia nafarra aldarrikatzeko helburu politiko eta sinbolikoa ere badu. Izan ere, Hondarribia Amaiurgo herriarekin senidetzeko ekitaldi ofiziala egingo dute apirilaren 27an Hondarribian. Aurretik ere, larunbata honetan Hondarribiko udal ordezkaritza bat Amaiur bisitatuko du.

Ortzi Alonso, Kultura zinegotziak aitortu duenez, 2023ko ekainean gobernu talde berria osatu zen momentutik hasi ziren hau antolatzen. Elizondo, Amaiur eta Iruritako zenbait hautetsirekin harremanetan jarri ziren orduan, eta 500 urteak gogoan hartuta, «bi herrien arteko harremanak estutzeko» aitzakia izan dute. Zinegotziak argitu duenez, «senidetzeak zentzu guztia dauka, helburua da hemendik aurrera Hondarribia Amaiurgo herriarekin eta Baztanekin harremanak sendotzea». Hondarribia ere ikur izan daitekeela uste du bere nafar historia lehen lerrora ekarriaz: «500 urte dira galdu genuela, eta Hondarribia Nafarroako Erresuma izateari utzi ziola, eta horregatik ekimenaren lerroburua “Azken gaztelua” Amaiur, eta “Azken portua” Hondarribiari erreferentzia eginez», azpimarratzen du Alonsok.