Kitarraren akordeak lehen planora ekartzen dituen jaialdia Hondarribian da 22. urtez

Koldo Nausia 2024ko api. 26a, 14:30

Apirilaren 27tik maiatzaren 1era, aurtengo kitarra jaialdiak bost kontzertu jasoko ditu dohainik, Hondarribiko Kultur Etxean, Paradorean eta Irungo Oiasso Museoan. Goi mailako musikariak denak, Fabio Montomolik jaialdirako espreski jazz estilora egokitu duen “Txoria txori” abestiaren bertsioak ikusmina piztu du.  

Carles Pons i Altes kitarra-jotzaileak Ramon Roteta sukaldariarekin batera Hondarribia-Peñiscola Kitarra Jaialdia abian jarri zuenetik gaur egun arte, asko aldatu da festibala. Baina hasiera haietan jatetxean bertan, kitarra eta gastronomiaren arteko maridaje bat zena gorpuztu, eta erreferentziazko musika jaialdia bilakatu da urteen poderioz. Carles Ponsek berak aitortu duenez, «jaialdia plastilinazkoa da». Izan ere, aro desberdinetan egokitzen eta baerrasmatzen jakin izan du. Eta Hondarribian udal korporazioen joan-etorriarekin edota pandemia garaian ere, «kultura gailendu da beti».

Horrela, 22. urtez goi mailako kitarra-jotzaileek osatutako programazioa eskainiko du apirilaren 27tik maiatzaren 1era Hondarribian eta Irunen. Horretan ere, aldaketak izan baititu festibalak. Hasiera batean urtero kontzertu bat Hendaian antolatzen baitzuten, eta arrakasta ikusirik, Hendaiako herriko etxeak bere kabuz Gitarralde festibala antolatzen hasi zen arte. Hau desagertu egin da, eta aurten MusiKolore festibalak hartuko du haren lekukoa. Baina Hondarribian kitarra festibal hau ongi errotuta dago.

Ponsek azaldu duenez, Paradoreko kontzerturako gonbidapen guztiak dagoeneko agortu egin dira. Izan ere, eskualdean kitarrazale talde fidela eta zabala dago bi hamarkadaren ondontik, kontzertu hauek agendan markatuak dituztenak.

Kitarra protagonista nagusia

Igor Enparan alkateak iaz Peñiscolan antolatzen den festibalaren kontrapartea segitu ahal izan zuela azaldu du. Eta jaialdi honek musika eta kitarraren dibulgazioan egiten duen ekarpenarekin txundituta geratu zela aitortu du. «Normalean bigarren plano batean dagoen kitarra edo akonpainamendu musikalerako den musika tresna hori, protagonista bilakatzen dela ikusteak pentsarazten du», azpimarratu du alkateak.

Hondarribiko aurtengo edizioan zenbait nobedade daudela iragarri du Carles Pons zuzendariak. Eta haien artean alkateak Peñiscolako iazko jaialdian egindako iradokizun baten eraginez. Izan ere, maiatzaren 1ean Fabio Montomoli musikariak emango duen kontzertuan, jazz kitarra estilorako egokitutako Mikel Laboaren “Txoriak txori” abestiaren bertsio bat aurkeztuko du. 

Guztira bost kontzertu egongo dira, eta horietatik hiru Alde Zaharreko Kultur Etxean, Paradorekoa, eta beste bat Irunen, Oiasso Erromatar Museoan. Kontzertu guztiak dohainik izango dira. Hondarribiko denak 19:00etan, eta Irungo emanaldia igandean 12:00etan.

Informazio eta kontzertu guztien berri hemen: https://www.hondarribia.eus/eu/-/hondarribiko-xxii-nazioarteko-gitarra-jaialdia