Maddi Ane Txoperena gonbidatu du Emekik, umeen eraso sexualetaz mintzatzera

Antxeta Irratia 2024ko api. 29a, 14:01

Gaia pil-pilean jarri zuen Ez Erran Inori liburuaren idazle Maddi Ane Txoperena eta Oihana Etxebarrieta teorizatzaile feminista arituko dira indarkeria mota horren inguruan Kultur Etxean, Emeki elkarteak maiatzaren 9an (19:00etan) antolatu duen “Umetan jasandako eraso sexualak” solasaldian. 

Txoperena Berriako kazetaria eta bertsolaria da besteak beste. Eta bere aurreneko lana “Ene baita bizi da” nobela laburra plazaratu ondotik, 2020an “Ez erran inori” liburua idatzi zuen, zeinak sexu abusuaren gaia jorratzen duen. 23. Igartza Literatura Beka saria irabazi zuen lan horrekin. Umetan sexu-abusuak jasandako neska baten (Lide) istorioa kontatzen du, gertakari hori lozorroan gorderik eduki ondoren hainbat urtez, piztia ernatu eta mina berpizten zaiolarik. Ez da lan autobiografiko zehatza, baina Txoperenak hainbatetan onartu du gero, txikitan eraso baten biktima izan zela, eta Lidek bezala, urte luzeetan “amnesia” moduko bat izan zuela hura estali zuena, gaztetan horri aurre egin zion arte. Beraz, berak idatziriko lana aitzaki hartuta, sakonean aztertuko dute gaia Hondarribiko Kultur Etxean, maiatzaren 9an, 19:00etan Emeki elkarteak gonbidaturik.

Modertzaile lanetan, Oihana Etxebarrieta hondarribiarra ariko da. Kazetaria, eta gobernantza feministaren sustatzaile eta teorizatzailea, Eusko Legebiltzarrean parlamentaria da 2016az geroztik, Giza Eskubideen, Berdintasun eta Justizia Batzordeko zein Europako Gaien eta Kanpo Harremanen Batzordeko kidea.