Hondarribia barruko mugikortasuna eta kanpoko loturak aztertzeko bilkura egin dute Udalak eta Aldundiak

Antxeta Irratia 2024ko mai. 3a, 11:42

Igor Enparan alkateak eta Azahara Dominguez arloko diputatuak hainbat hobekuntza aztertu dituzte. Haien artean, Udalak Hondarribian martxan jarriko duen hiri-busa edota Hondarribia eta Hendaia arteko txalupa Mugi sisteman integratzeko aukera.

Gaur Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko diputatua Azahara Dominguez Hondarribian izan da, Igor Enparan alkatearekin herriko garraio publikoa hobetzeko proiektuak aztertzeko bilkuran. Hainbat gai jorratu dituzte. Hala nola, Hondarribian martxan jarriko duten hiri-busa eta Hondarribia-Hendaia lotzen dituen txalupa Mugi sisteman integratzeko aukera, Oarsoaldea-Bidasoako Lurraldebusen proiektu berria, herriko autobus geltokietako markesinak berritzea.

Azahara Dominguez diputatu eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako presidenteordeak, Hondarribi barruko hiri-bus berria Mugi sisteman integratzeko konpromisoa hartu du Igor Enparan alkatearekin.  Era berean, diputatuak alkateari jakinarazi dionez, «Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren (GGLA) eta Hondarribia eta Hendaia lotzen dituen txalupa zerbitzua ematen duen enpresaren arteko elkarrizketak hasi dira, Mugi sisteman sartzeko aukera aztertzeko».

Bestalde, Igor Enparanek herriko markesinak egokitzeko eta erabiltzaileentzat erosoagoak eta seguruagoak izateko beharra adierazi dio Dominguezi. Ildo horretan, Hondarribiko Udalak geltoki berrien neurriak helaraziko dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta Lurraldebuseko autobusen ordutegiei buruzko informazio-kartelak neurri berrietara egokituko dituzte, ikusmen-arazoak dituzten pertsonek paneletan erakusten den informazioa kontsultatzeko erraztasun handiagoa izan dezaten.

Garraio publikoa hobetzeko konpromisoa adierazi du bi erakundeetako ordezkariek. Igor Enparan alkateak adierazi du Udaletik lanean ari direla mugikortasun ohiturak hobetzeko herrian. «Horretan ardatzetako bat da garraio publikoaren eskaintza zabaltzea. Eta hiri barrukoaz gain, herrien arteko loturak jorratzeko ere Aldundiarekin batera elkarlanean jardun behar dugu», azpimarratu du alkateak. Zentzu horretan, hondarribitarrak ez ezik, Hondarribia bisitatzen duten inguruko herrietako pertsonek ere modu jasangarriago batean herrira etortzeko, garraio mublikoaren maiztasuna eta zerbitzuen hobekuntza ezinbestekoa dela gaineratu du alkateak.