deialdi masiboa

KORRIKAren baitan erronka handi baten berri emateko San Juan plaza bete nahi du Irungo AEKk

Antxeta Irratia 2023ko aza. 14a, 12:46

Hurrengo Korrikaren edizioari lotutako erronka garrantzitsu bat ematera doa Irungo AEK larunbatean San Juan plazan egingo duen agerraldian, eta "euskarak dituen milaka aurpegiak irudikatzeko" ikasle eta irakasle ohi zein herritar orori deia luzatu diote 12:30etan plazara bertaratzeko.  

Irungo AEK euskaltegiak deialdi masiboa egin du, heldu den larunbatean (azaroak 18) 12:30tan Irungo San Juan plazan egingo duten agerraldiarekin bat egiteko. Irundar eta bidasotar oroi berri garrantzitsu bat emango diote egun horretan, ikasturte honetan ospatuko den Korrika edizioari lotuta. "Erronka handi bat aurkeztuko dugu", iragarri du Maddi Sanz AEKko ordezkariak. Hori dela eta, ahal bezainbat jende bildu nahi dute plazan, eta AEKko ikasle eta irakasle ohiez bete nahi dute "euskarak milaka aurpegi dituela irudikatzeko".