Ostiralean abiatuko dute Irunen Euskararen Hilabetea

Antxeta Irratia 2024ko ots. 14a, 09:47

Otsailaren 16 honetan abiatu eta martxoaren 22 arte luzatuko da Irunen Euskararekin batera, Korrika! lelopean eginen den euskararen hilabetea. Udalak nagusiki hiriko ikastetxeetako 3.300 ikasleri zuzendutako antzerki egitaraua antolatu badu ere, publiko zabalari begira ere bi jarduera proposatzen ditu aurtengo edizioak.

Publiko zabalari begira antolatu dituzte ostiral honetan izanen den Bizkarsoro filmaren proiekzioa eta Euskarak bakarrik ezin badu, norekin bai?  solasaldia Amaia Kultur Zentroko hitzaldi aretoan izango da martxoaren 6an Imanol Epelderen eskutik. Eta Josu Martinezen Bizkarsoro ostiral honetan arratseko 19:00tan proiektatuko dute Amaia Kultur Zentroan. Sartzea urririk da, eta pertsona bakots gehienez ere lau sarrera eskura ditzake, baina erreserba egin behar da, Irungo udalaren webgunean edo Luis Marianoko turismo bulegoan.

Antzerkiak euskaran hezitzeko

Euskararen hilabetearen programazioak, aldiz, ikasleak ditu begiz jota. Nuria Alzaga udal ordezkariak azpimarratu duenez, Euskararen Hilabetea egitasmo estrategikoa da Euskara arloarentzat, Irungo Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren barruan dagoen programa baita. “Sorkuntzaren eta euskarazko kultura produktuen kontsumoaren bidez  haurren eta gaztetxoen artean euskararen erabilera indartu nahi dugu", adierazi du.

Orotara 3.300 ikasletik gora pasatuko dira eskola orduetan Amaia Kultur Zentroko antzerkiez gozatzera, eta horretaz gainera, DBH3koek Mintzodromo Gaztea ere egingo dute Palmera Monteron martxoaren 15ean eta 22an. DBH 3ko ikasleei zuzendutako jarduera da, eta jolas eta dinamika desberdinen bidez, iritziak partekatzeko eta ondo pasatzeko aukera izango dute.

Antzezlan egitarauari dagokionez, ikasleen adinaren araberako eskaintza zabala prestatu dute. Haur Hezkuntzako umeak izango dira Amaia KZko auditoriotik pasatzen lehenak otsailaren 21 eta 22an, eta Glu Glu antzerki taldearen Erbia eta Dortoka obraz gozatzeko aukera izango dute. Otsailaren 29an Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako haurren txanda izango da, eta Eidabe konpainiak Kuku! Ezkutuan dauden emakumeak obra antzeztuko du haientzat. Martxoaren 5 eta 6an Narzis@ antzezlana taularatuko dute Borobil antzerki taldekoek DBH 1 eta 2ko ikasleentzat. Eta antzerkiekin bukatzeko, Ados konpainiak Lagun beltz asko obra eskainiko du DBH 3 eta 4ko ikasleentzat martxoaren 7an.

Nuria Alzaga, Euskara ordezkariak eta ekimenak antolatzeko lanetan aritu diren udaleko teknikariek eman dizkiote xehetasun gehiago, Aimar Lopez Erasun lankideari.