23. Korrika - Harro Herri

Euskal Herrira heltzen diren paperik gabeko pertsonek euskara dohainik ikasi ahal izatea aldarrikatu dute Irunen

Koldo Nausia 2024ko ots. 19a, 14:41

Egoera administratibo irregularrean daudenen hizkuntz-eskubideak administrazio publikoen agendan ezarri nahi izan dituzte AEKk eta Irungo Harrera Sareak. Korrika Kulturalaren baitan ‘Paperezko Bizitzak’ adierazpena aurkeztu dute Oiasso Museoan egindako 'Hizkuntzak Mugarik Gabe' ekimenean.

Korrikaren leloa baliatuta, euskararen “Harro Harrera Herria” garela aldarrikatu zuten ostiralean, Irungo Oiasso Museoan egindako ekimen nazionalean. Migratzaileen hizkuntz-eskubideak ere, agintarien agenda politikoan ezarri nahi dituzte, administrazio publikoek paperik gabekoek euskara ikasteko laguntzak eman ditzaten.  

AEKren Artezkaritza Kontseiluko Aize Otañok, Oiasso Museoan egindako ekitaldian argitu duenez, AEKk urteak daramatza egoera administratibo irregularrean dauden pertsonei euskara dohainik ikasteko aukera ematen. Baina «denon ardura behar du izan, eta justiziazkoa» dela aldarrikatu du. Hau exijitzeko, eta administrazio publikoek bideratu behar dituzten eskubideen defentsaren izenean, laguntza ekonomikoak ahalbidetzeko ahalegina galdegin diete Euskal Herriko administrazio publiko nagusiei. Izan ere, ekimen honekin, ‘Paperezko bizitzak’ izeneko adierazpena plazaratu dute AEKk eta Irungo Harrera Sareak. «Euskararen komunitatea indartzeko, Euskal Herrira heltzen diren pertsonei ere, besoak zabalik hartzea ezinbestekoa baita» Otañoren arabera.

Irundik Baionarat

Korrika ekimen transbertsala dela irudikatu nahi izan dute, eta zentzu honetan Irungo Harrera Sareak oroitarazi du, martxoaren 14an 16:00etan Korrika Irundik Baionarat abiatu iatzin, Irundik Baionarat egin nahi duten migratzaileak laguntzen jarraituko dutela egunero bezala, Korrikaren abiapuntu den San Juan plazan bertan.

Oiasso Museoan egindako ekimenean, Amets Arzallusen bertsoak eta African Vibes dantza bikotearen saioa ez ezik, gure eskualdean grabaturiko ‘Lehen saiakera’ film laburra ere aurkeztu zuten. Ikus-entzunezko hiru ikaslek gradu bukaerako proiektu gisa ekoiztutako dokumentala da, migrante baten bizipenak eta mugaren arazoari buruz hausnartzeko.

Bestalde, AEKk ‘Paperezko bizitzak’ ipuin lehiaketaren berri eman du. Herritar guztiek euskara doan ikasi ezin dutela salatzeko asmoz. Korrikaren webgunean topatuko dituzue xehetasunak.