Pandemiaren itzala gaindituta, inoizko emaitza ekonomikorik onenak lortu ditu Ficobak

Koldo Nausia 2024ko ots. 20a, 10:38

2023an 135.000 bisitari jaso ditu antolatutako 260 jardueretan, eta 310 egunez okupatuta egotea lortu du. Erakustazokak 2,3 milioi euroko dirusarrerak bildu ditu, horietarik %68a azoka handiei esker. Eta 2024rako industria eta azoka profesionaletan indar bat eginez hazten jarraitu nahi du.

Ficobak plazaratu berri dituen datuen arabera, 2022an baino %2,5 dirusarrera gehiago lortu ditu, eta urteko 310 egunez okupatua egon da, 135.000 bisitari baino gehiago lortuta. Iaz baino 7.000 bisitari gutxiago dira, baina 2022an (83.760) baino 51.000 gehiago, eta zer esanik ez, pandemia urtearekin alderatuta.

Zentzu honetan, pandemiak sektorean eragindako itzala gainditu egin du Ficobak, eta inoiz baino errentagarriagoa izan da ekonomikoki. 2023an 2,3 milioi euroko dirusarrerak lortu zituen antolatu eta jasotako 260 jardueretan, nahiz eta horien artean, 12 azoka handiei esker eskuratu duen sarrera guztien %68a.

Bidea egonkortuta, «nitxo berrien ildoa ere sendotzeko helburua du Ficobak 2024an» Ander Sarratea gerenteak iragarri duenez. Izan ere, iazko ekitaldian aurreneko aldiz antolatutako UNIRE soldaduraren lehen azoka profesionalak bidea erakutsi die. «Gipuzkoako duen garrantzi industriala kontuan hartuta, azoka profesionalek nitxo estrategiko bat bilakatuko dira» aitortu du Sarrateak. Halere, kultura, turismoa, moda, kirola, gastronomia, hezkuntza, aisia edota ongintza ere landuko dute aurten, Ficobako arduradunen arabera, erakustazokak «egutegi eta eskaintza eklektikoa eskaintzeko gaitasuna» duelako.

Inpaktu ekonomikoa biderkatuz

Horiek hala, jarduera pandemia aurreko maila berreskuratuta, eta ekonomikoki bideragarria den proiektua da Ficoba gaur egun. Baina Ficobarentzat urte ona izan bada, are gehiago Ficobarentzat lan egiten duten inguruko jarduera ekonomikoentzat. Ficobaren jarduerak izan duen inpaktu ekonomikoa 32,9 milioi eurokoa izan baita 2023an. Eta Sarrateak nabarmendu duenez, lanpostu zuzenetaz gain, beste 215 lanpostu mantentzen lagundu du.

Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzak euren babes ekonomikoa berretsi egin dute. Unai Andueza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapenerako zuzendariak dioenez, erakustazokaren inpaktu ekonomikoa aintzat hartzekoa delako. «Eman diren zifrak ikusita Ficobaren bidea kontsolidatuta dagoela esan daiteke». Inpaktu ekonomikoa ia 33 milioi eurokoa izanik eta 310 eguneko okupazioa edukita, argi dago bere ustetan «Ficoba Irunentzat ona dela, Bidasoaldearentzat ona ere, eta nola ez, Gipuzkoarentzat».

Irungo alkatea Cristina Labordak ere Ficobaren garrantzia estrategikoa nabarmendu du. «Ficoba esistituko ez balitz, asmatu beharko zen», azpimarratu du, «bi hamarkadaotan erakutsi duelako, Aduanaren itxierarekin transformazioaren giltzarri izan dela Irunen, eta urteotan guztiotan egokitzen jakin izan duela». Orain, adibidez, IAM pabilioi erabilanitzaren proiektua ere hor dago. 40 milioi euroko inbertsioa eskatuko duen proiektua izanik, Ficobak bere ohiko dinamikan barneratzeko eta sortuko dituen aukerak aprobetxatzeko hausnarketa betean dabil. Iragarri dutenez, 2024 honetan IAM proiektuaren bideragarritasun azterketa egingo dute.