Puntu beltza zena, Via Irunekin lotuko duen oinezkoen pasabide bilakatu dute San Miguel auzoan

Koldo Nausia 2024ko mai. 6a, 13:17

Tren geltoki zaharretik metro gutxira beti izkutuan egon den Gaztainondo kalea oinezkoentzat pasabide izan dadin, 880.000 euroko inbertsioa egin du Irungo Udalak. Altuera kota handia salbatzen duen igogailuak, LED argiteri berriak, eskailera zabalagoak, eta ferrokarrilaren historia gogoan duen mural batek osatzen dute proiektua.

Obra txikia irudi dezake igogailu bat instalatzea. Baina Borja Olazabal zinegotziak gogoratu duenez, «beste auzo eta hiriko gune batzuetan eskailera mekaniko eta igogailuei esker, bizilagun batzuei egunerokoan nabarmen eragiten dien bezala» San Miguel auzuneko Gaztainondo kaleko 5. zenbakian estreinatu duten igogailu berriak ere, inguruan eskertuko dute. Baina haratago doa. Anaka eta Geltokiaren artean bizi diren auzotar askori egunerokoa erraztu eta oinezko mugikortasuna hobetzea ez ezik, etorkizuneko Via Irun proiektuaren baitan, eman beharreko urrats txiki baina estrategikoa baita. Cristina Laborda alkateak azpimarratu duenez, «hiria irisgarria izan dadin, oinezkoek eta mugitzeko zailtasun gehien duten pertsonek lehentasuna behar dute izan», eta oinezkoen ardatzak egituratzen lagunduko duen horietariko bat da igogailu hau.

San Miguel auzo elkarteak hainbatetan galdegin duen proiektua da, eta horren irudiko, igogailu estreinatu ahala bizilagun ugari hurbildu direla emaitza ikustera, aldea nabarmena dela nabarmenduz.

Mugikortasuna, segurtasuna eta historia

Izan ere, mugikortasuna ez ezik, segurtasuna ere aintzat hartzen duen proiektua dela gaineratu du alkateak. «Hau Puntu Beltz bezala identifikatua genuen, eta eskailerak zabaltzeaz gain, igogailuak eta LED kale-argiteri berriari esker, irteerarik gabeko kale bat zirudiena, pasabide garbia bilakatu dugu», adierazi du. Zentzu honetan, obrak genero-ikuspegia barneratu du, eta 1.200 metro koadroren gainean eskuhartu dute, LED argiteria instalazio berriekin, eta aldameneko Haltza kaleko espaloia ere zabalduz.

Jokin Berridi, Udaleko obra teknikariak azaldu digu, altuera kota handia dagoela Gaztainondo kalea eta Irungo tren geltoki zaharraren sarrera zenaren artean. Eta honi esker, oinezkoek bide zuzena dute orain. Auzo elkarteak ere epe luzeko ikuspegiarekin ari da. Eta Anaka kaleko ibilbide nagusiarekin Via Irun proiektuak izango duen lotura berri hontaz gain, tren geltoki berriaren pasarelari esker, Anaka auzoa eta Pio XII. plazaren arteko tartea, oinez minutu gutxitan lotzeko aukera emango duela azpimarratu du.

Proiektua Obra Especiales e Infrastructuras SAU enpresak burutu du, eta 880.583 euroko aurrekontua izan du. Eta aipatutako mugikortasuna eta segurtasunaz gain, hiriaren historiarekin keinu bat  egin du Udalak. Borja Olazabal, Obretarako ordezkariak esan duenez, «irundar belaunaldi askok dute istorioren bat tren geltokia edo ferrokarrilarekin lotuta, irundar asko iritsi baitziren lanera bere garaian horri esker». Lekua orain artean izkutua bezain geltokira lotuta egonagatik ere, eskaileren alboko paretan trenaren historia gogoan hartzen duen mural batekin apaindu dute, desagertutako tren geltoki zaharraren irudia gogora ekartzen duena.