Donibanen eta Irunen kontzentrazio deialdiak gaur, asteburuko erasoak gaitzesteko

Antxeta Irratia 2024ko mai. 6a, 13:26

Donibane Lohitzuneko hotel batean hiltzaileak aitortu duen «krimen bortitza» eman den asteburu berean, emakume bat sexu eraso baten biktima izan da Irungo Plaiaundi natur parkean txakurra paseatzen ari zela. Elgarretaratze deialdi zabalak egin dituzte mugimendu feministek eta erakunde publikoek gaur 19:00etan, Donibane Lohitzuneko Louix XIV eta Irungo San Juan plazan. 

Irungo Udalak bere gaitzespen irmoa adierazi du atzo (igandea) goizeko 8:30ean Plaiaundiko natur parkean emandako sexu erasoa dela eta. Era berean, biktimari babesa adierazi eta laguntza eskaintzeko protokoloak aktibatu zituen atzo. Eta Udal Berdintasun Batzordetik gaur 19:00etan San Juan plazan elgarretaratzea deitu dute. Udal agintariez gain, Nerea Isasi, Berdintasuneko foru zuzendariak gaitzespen kontzentrazio horretan parte hartuko duela iragarri du ere, eta deialdia luzatu die herritar guztiei ere batu daitezen. Aldundiak Irungo Udalak argitaratutako adierazpen publikoarekin bat egiten du, eta emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean “Erantzun Publikoa” emateko beharra azpimarratu du. 

Atzo (igandea) goizeko 8:30ean Plaiaundiko natur parkean, biktima txakurrarekin paseatzen ari zela erasotu zuten. Polizi iturrien arabera, 30 urteko gizon batek lepotik heldu eta ukituak egin zizkion, baina biktima laguntza eske oihuka hasi zenean, erasotzaileak Hendaia aldera ihes egin zuen parkearen albo batetik. Irungo Ertzaintzaren eta Hendaiako Polizia eta Aduana Lankidetzarako Zentroaren (CCPA) arteko lankidetzari harrapatu zuten hortik gutxira. Jakinarazi dutenez, atxilotuak aurrekariak ditu indarkeriazko delituengatik.

M8 Asanblada Feminista Bidasoak udalak egindako deialdiarekin bat egin du. Eta Bidasoko ITAIAk ere kontzentrazioa deitu du  “Indarkeria matxista orori aurre egin!” lelopean. Hasiera batean, deialdia ordu eta leku berean egin badu ere, lerro hauek idazterakoan ez dute oraindik konfirmatu. Bestalde, Donibane Lohitzunen emandako erailketa matxista ere gogoan izan dute. Baita M8 asanbladak ere bidasotarrak San Juan plazara zein Louix XIV. plazara hurbiltzeko deia eginez. 

Donibane Lohitzune krimen bortitza

Izan ere, Donibane Lohizuneko hotel batean ostiralean hilda aurkitu zuten 33 urteko emakumearen hilketa «krimen bortitza» izan dela aditzera eman du Jerome Bourrier prokuradoreak. Gertatutakoa argitzeko ikerketak zabalik jarraitzen du, eta gaur egingo diote autopsia. Baina 37 urteko bere bikotekidea atxilotuta dago, eta hiltzailea dela aitortu du. Frantses estatuan juridikoki esistitzen ez den figura bada ere, «feminizidioa» aipatu du prokuradoreak. Polizia iturriek aurreratu dutenez, emakumeak eskuz eta oinez lotua zegoen eta garezurra apurtuta zuen, eta mailukadaka bortizki kolpatu zuen erasotzaileak.

Hilketa salatzeko, Ipar Euskal Herriko mugimendu feministak mobilizaziorako deia egin du gaur 19:00etan Louix XIV plazan “Aski da! Nazkatuta, amorratuta eta haserre gaude!” lelopean. Bagera elkarteak salatu du, argi geratu dela beste behin ere egungo justizia ereduak ez duela funtzionatzen. Ez dutelako jakin izan emakume hau babesten. Izan ere, emakume honek apirilaren 14an Ziburuko hotel bateko bostgarren pisutik salto egin zuen eta egoera larrian ospitalean egon da, maiatzaren 1era arte. Eta aurretik ere aizkorakada baten biktima izan zen.