iñaki romero iraola

«Beti demonizatu dugu sugea, baina batekin topatuz gero, poza sentitu eta gozatu beharko genuke»

Koldo Nausia 2024ko mai. 7a, 12:35

Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologo honek hiru urte eman ditu Aiako Harrian, gure inguruan bertan bakarrik topa dezakegun suge berde-horiaren populazioa ikertzen. 2020ean #sugebizi proiektua abiatu zutenetik, Aranzadik herritarren begiak ditu Euskal Herri osoan sugeen beha eta zaintzeko prest. Narrasti hauen ospe txarra uxatu nahian, «zientzia eta konzientzia sortzeko» lanean ari dira biodibertsitatearen kate-begi garrantzitsuak direlako.

Munduko suge espezie gehienak ez dira pozoitsuak, baina narrasti honek ez dauka izen edo ospe onik. Mitologiatik hasita, kondaira askoren protagonista erruduna dela, gure eguneroko hiztegira ere, sugea txar edo beldurgarria den guztiari lotuta dago beti. Gaur egun 15 familia ezagutzen dira, 456 genero eta 2.900 espezie daude munduan, eta Antartikan izan ezik, gainerako kontinente guztietan ibiltzen dira zizi-zagaka. Horietatik dozena bat Euskal Herrian topa ditzazkegu, haien artean, eskulapioa, sugegorria, gorbataduna, suge leuna… Hiru pozoitsuak dira, baina nekez eragin dezakete heriotza pertsona osasuntsu batean.

Zientzia eskutik-eskura

«Sugea betidanik demonizatu egin dugu, baina ezezagutzatik elikatutako beldurrarengatik», dio Iñaki Romero Iraolak, Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologoak. Baina ideia hori baztertu eta ekosistema ororen kate-begi garrantzitsuak direla ohartarazteko kanpaina edo proiektua aurrera daramate ikerlariek oso modu parte hartzailean. Aranzadik “Sugebizi” proiektua abiatu zuen 2020 urtean, «zientzia eta konzientzia sortzeko». Eñaut Agirre Goia eta Iñaki Sanz Azkue ere ari dira proiektuan. Eta ibilian-ibilian, azken honek Euskal Herriko narrastien mapa liburua ere aurkeztu zuen iaz.

Farmazien ikur den Euskal Herriko eskulapio sugea. 

Gaur egun hitzaldiak, tailerrak eta sugeak ezagutzeko irteerak ere antolatzen hasi dira joan den apirilaren 2an, eta uztailaren 16a arte. Interesa duen eskola, elkarte edo talde orok haiekin harremanetan jar daitezke iromero@aranzadi.eus edo 943 46 61 42 telefonora deituz. Baina funtsean, aipatutako «herritar zientzia» egiteko proiektuaren funtzionamendua sinplea da: edonork suge bat ikusten duenean argazkia atera behar dio, gehiegi gerturatu gabe eta zoom-a erabilita. Ostean, sugea topatutako lekuaren koordenatu geografikoak apuntatu behar dira. Eta X (Twitter) sare sozialean partekatu #sugebizi traola erabiliz eta @aranzadi aipatuz.

Edozein lekutan egon daitezke, mendian edo hiriguneetan sasien artean ere. Baina iheskorrak direnez ez ditugu sarri ikusten. Beraz, «batekin topo egiten badugu, poza sentitu behar dugu, eta gozatu. Eta zein espezie den ez badakigu, ez hurbildu eta ez du koskarik egingo, bere bidea jarraituko du. Gizakiok bezala ez dute zirikatuak izan nahi», dio Romerok.

Lau urteotan ekimen honi esker, 300ndik gora irudi eta suge lagun jaso dituzte dagoeneko. «Ez dugu aparteko ezustekorik izan, baina Euskal Herri osoan begiak edukitzea lagungarria izan zaigu, batez ere uste genituen populazioak eta lekuak zehazteko, eta mapa baten osatzeko», dio herpetologoak.

Horrela, uste okerren aurrean, ezagutza bultzatu nahi dute. Izan ere, sugeek izurriak sahiesten dituztela gogoratzen du, intsektuak eta saguak jaten dituzten heinean, edota haien pozoia botikak sortzeko baliatu izan dela oroitarazten digu Romerok. Are gehiago, Euskal Herriko basoetan izkutatzen den eskulapio sugea, Gipuzkoako Farmazeutikoen Elkarteko ikurra da. Baina oinarrian, bere kate trofikoan sugeak dituen ekosistema, osasuntsu dagoela esan daiteke.

Aiako Harriko suge berde-horia

Ikerlari honek hiru urte eman ditu Aiako Harrian suge berdehoria aztertzen. «Europan ohikoagoa da, eta Iparraldean topatzen dugu, baina Aiako Harrian susmoa bagenuen, eta populazioen artean Euskal Herriko hego-mendebalena dela baieztatu dugu», azpimarratzen du Romerok.

Iñaki Romerok Aiako Harrian ikertu duen suge berde-horia. 

Irungo errepideek bere hedapena mugatu egin dutela uste du, baina trafikoak zanpatutako hainbat aurkitu dituzte dagoeneko, eta bere ustetan, ez ginduke harritu beharko urte gutxiren buruan Jaizkibelen aurkitzen badugu. Hasieran mendia behatuz haien bila hasi ziren. Baina azkenean suge honen babesleku artifizialak sortuz frogatu ahal izan dute, bere presentzia ez ezik, populazio dentsitate kopuru nahikoa dagoela Aiako Harrian biziraun dezan. «Ez dugu argitu ahal izan zer dela eta mugatzen da mendi inguru honetara, edo zer duen berezi Aiako Harriak», aitortzen du Romerok. 

Orain, aldiz, best eproiektu batean murgilduta dabil. Gure eskualdea ekosistema-anitza baita, itsasbazterra, mendi eta urmaelak dituenez aukera anitzak baititu suge espezie desberdinen garapenerako. Eta Hondarribiko eskola batekin lankidetzan ari dira Euskal Herri mailan eskualdez-eskualde sugeak identifikatzeko proiektu berri bat dela eta. Eta gure eskualdean Talaia eskolak parte hartuko du horretan.