BATeko neskek historia egin dute

Paola Oskoz 2024ko mai. 7a, 13:09

Bidasoa Atletiko Taldeko Ohorezko Lehen Mailako nesken taldeak (BATGirls gisa ezagunak) mailari eusteko helburua lortu du joan den asteburuan. Are gehiago, historia egin du Ligan, bere multzoko bigarrena izan baita, eta estatu mailako sailkapen orokorreko zortzigarren postuan kokatu da. Horrenbestez, aurreneko aldiz bere historian, nazio mailako tituluaren borrokan lehiatuko dira hirugarren eta azken topaketan. 

Durangon jokatu zen pasa den asteburuan Ligako jardunaldia. Bidasoa Atletiko Taldeko emakumeak hirugarren postuaren bila joan ziren hara, baina emaitza oraindik ere hobea izan zen. Lan bikaina egin ondotik, euren multzoko bigarren postua eskuratu zuten, sailkapen orokorreko zortzigarrena. Denboraldiko helburua lortu zuten horrela, maila mantentzea. Horrez gain, nazio mailako tituluarengatik borrokan aritzeko eskubidea lortu dute. Klubean historikoa da hau, 2016tik ez baitzuten hori bera lortua. Borrokan hortan Atletico San Sebastian ere izanen da (laugarren sailkatua), Playas de Castellon, Cueva de Nerja, Valencia Atletismo, Pielagos, Unicaja Jaen eta Pamplona Atleticorekin batera.

Durangon eman ziren emaitzarik onenak hauek izan ziren: Carla A. Martinez garaile 100 eta 200 metroko lasterketetan; Elena Martin garaile 1500 metroko lasterketan eta bigarren 800 metrokoan; lehen postua 4x100 errelebotan (Ana Gomez, Leire Martiarena, Martina Villar eta Laia Olascoaga); Goizane Garcia bigarren pisu-jaurtiketan eta mailu-jaurtiketan; Julene Arriaga bigarren 400 metroko lasterketan; bigarren postua 4x400 metroko errelebotan (Irune Muguruza, Julene Arriaga, Jone Isusi eta Alazne Garrido); hirugarren postuan, Laia Olascoaga 100 metroko lasterketan, Alaine Aguerralde 400 metrokoan eta Blanca Garcia xabalina-jaurtiketan. 

Adur Amilibia, Bidasoa Atletiko Taldeko ordezkariak eman dizkigu xehetasun gehiago.