Plaiaundiko sexu erasoa gaitzetsi dute Irunen, eta justiziaren arduragabekeria Donibane Lohitzunen

Antxeta Irratia 2024ko mai. 7a, 13:34

250 pertsonatik gora elkartu ziren atzo Donibane Lohizuneko Luis XIV.a plazan, Ipar Euskal Herriko elkarte feministek deiturik. Eta beste 100 lagun inguru Irungo San Juan plazan, M8 Asanblada Feministak eta Irungo Udalak deitu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babestutako elgarreratzean ere.

Kasu horretan, espreski igandean Plaiaundin emandako sexu erasoa salatu zuten, eta udal talde politiko guztietako agintariez gain, aldundiko Nerea Isasi, Berdintasuneko foru zuzendaria ere bertaratu zen.

Aurretik, 18:30an Itaiak deitutakoan 50 lagun bildu ziren.

Donibaneko  «krimen bortitza»

Donibane Lohitzunen, aldiz, Ipar Euskal Herriko talde feministek deituta, joan den ostiralean hotel batean gertatu erailketa matxista salatu zuten “Aski da! Nazkatuta, amorratuta eta haserre gaude!” lelopean. Urtarrilean jadanik, 33 urteko emaztea pairatzen zituen tratu txarren berri ematera komisaldegira joan zela oroitarazi dute. Eta atzo aipatu genuen bezala, apirilean emazte bera Ziburuko hotel bateko 5. solairutik erori zen. Bere mutil laguna atxilotu zuten eta ondotik askatu, froga eskasagatik. Prokuradorearen arabera, azkenean 37 urteko mutil lagunak erailketa aitortu du. Bertan zirenen artean, Itziar Varela, Bagera elkarteko lehendakariak, egoeraren larritasuna oroitarazi du, eta Frantziako justiziaren arduragabekeria eta baliabide eskasak salatu ditu.