FRAN JUSTO: “ETXEAN INDARTSUAK GARA ETA PARTIDU ONA EGIN BEHAR DUGU”

Real Unionek bihar, maiatzaren 4an, jasoko du Cultural y Deportiva Leonesa taldea (19:00), 1924ko Koparen garaipenaren mendeurreneanReal Union ere denboraldiko azken txanpan sartua dago. Azken lau jardunaldiak gelditzeko zaizkio jokatzeko eta horietako lehena bihar bertan ospatuko da, maiatzaren 4an, Stadium Galen. Talde txuribeltzak Cultural y Deportiva Leonesa taldea jasoko du, kasualidadez 1924ko Errege Kopako finala erdietsi zuen egun berean. Mende bat pasatu da orduz geroztik, eta taldeak bertze helburu batzuk ditu orain. Edonola ere, modu berean eta indar berarekin borrokatuko du mailar eusteko bidean. “Denboraldiko azken txanpan sartzen hasiak gara”, aipatu du Fran Justo entrenatzaileak biharko neurketaren atarikoan. “Lau partidu gelditzen zaizkigu eta etxean ari gara oraingoan. Hemen oso indartsuak gara eta gogoz gaude partidu on bat egiteko”, gaineratu du. Lau jardunaldietan Real Unionek dena emanen duela ziurtatu du Justok eta euren energia guztia biharko partidurako gordeko dutela. Cultural y Deportiva Leonesa taldea jasoko du bihar, maiatzaren 4an, talde txuribeltzak 19:00etan. Prestatzaileak “maila handiko talde dela” onartu du, “talde teknikoak lan izugarria egiten du eta beti egokitzen dira ongi aurkariari”. Denboraldi honetan Leongoei kosta egin zaie etxetik kanpo irabaztea, baina edonola ere, bigarren itzulian soilik hiru neurketa galdu ditu: “Etxetik kanpo ez ditu emaitza oso onak, baina mailaren errua da, ez beraiena. Talde oso lehiakorra da eta forma onean dago. Bigarren itzulian soilik hiru partidu galdu ditu”. Hala ere, Fran Justo bere taldeari begira dago. “Guk ere ongi prestatu dugu partidua, lanean ongi ari gara eta mina eman diezaiekegu. Etxean gai gara hiru puntuak ateratzeko, eta horri begiratuko diogu”, adierazi du prestatzaileak. Horrez gain, zenbait jokalari minduta badaude ere, “hamaikako on bat ateratzeko prest gaude, baita aldaketa onak egiteko partiduaren momentu zehatzetan”. Entrenatzaileak azkenik, giro ona egonen dela somatzen du: “Bihar giro ona egonen da eta guk dena eman behar dugu. Zaleei ere azken esfortzu bat eskatu nahi diet. Etxean onenetarikoak bagara, ez da kasualitatea. Zaleen eta gure artean giro ona sortu da eta asko lagundu gaituzte. Konprometituak gaude denok”.

Osorik irakurri