Lesakako ohituretan emakumeek duten papera izanen dute hizpide Martxoaren 8an

Paola Oskoz 2024ko mar. 6a, 13:18

M8aren harira, Lesakan ere hainbat ekitaldi prestatu dituzte, Xulufrinak Talde Feministaren laguntzarekin. Elkarretaratzeaz gain, berendua eta tertulia eta emakumeen afaria eginen dute. 

Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, hainbat ekitaldi izanen dituzte Lesakan ere. 12:00etan Plazan eginen den elkarretaratze ofizialaz gain, Xulufrinak Talde Feministak arratsaldea ekintzaz bete du. Lehenik, 17:00etan, berendua eta tertulia izanen dute, Lesakako ohituretan emakumeek duten paperari buruz. 19:00etan elkarretaratzea eginen dute eta ondotik, kotxe karabana eginen dute Berako Bortzirietako manifestaziora joateko. Azkenik, 21:30ean emakumeen afaria eginen dute Kasinon. Azken honetan parte hartzeko txartela eskuratu beharko da eta gaur izanen da horretarako azken eguna. 

Hala ere, horiek ez dira Lesakan egonen diren ekitaldi bakarrak. Arbolaren Egunaren bigarren eguna ospatuko dute bihar, martxoaren 7an, Irain Eskolako ikasleekin batera. Horrez gain, martxoaren 9an armarrien eta genealogiaren inguruko solasaldia izanen da eta 10ean berriz, Lesakako V Mendi Lasterketa eginen dute. 

Heldu den asteburuari begira ere jarri dira, eta martxoaren 15ean Lesakako Musika Bandak kalejira eginen du 20:00etan. Martxoaren 16an Tantirumairu Dantza Taldeak antolatutako Dantzari Ttiki eguna izanen dute eta martxoaren 17an azkenik, Bizkarsoro filma emanen dute Harriondoan, 18:30ean.