23. KORRIKA ailegatuko da asteburuan Bortzirietara

Paola Oskoz 2024ko mar. 20a, 12:02

23. KORRIKA pasatuko da asteburuan Bortzirietatik. Aritxulegitik sartutako da euskararen aldeko lasterketa Lesakan eta Beratik pasatu ondotik, Lizuniagatik hartuko du Sararako bidea. Honen harira, zenbait ekitaldi antolatu dituzte herrian, Eneko Fernandeko kultur zinegotziak aipatu duen moduan.

Korrika Ttikirekin hasiko dituzte Lesakan 23. KORRIKAren harira antolatu dituzten ekitaldiak. Ortzirale honetan, martxoaren 22an, Irain Eskolako eta Tantirumairu Ikastolako ikasleek 11:30ean hasiko dute Korrika Ttiki Matxinbeltzenean eta 12:00etan ailegatuko dira Plazara, bertan besta giroan KORRIKAren etorrera ospatzen. Horrez gain, biharamunean, afari herrikoia izanen da Arranon 9:30ean eta DJ Bullek jarriko du musika euskararen aldeko lasterketa etorri bitarte. Ondotik, 3:25 aldera pasatuko da 23. KORRIKA Lesakako erdigunetik. 

Honez gain, bertze hainbertze ekitaldi izanen dituzte herrian hurrengo egunotan. Bihar, ortzegunean, "Hil arte bizi" heriotzaren inguruko tailerra hasiko da. Ortziralean berriz, Jubilatuen Elkarteko kideek eta soinulariek bisita eginen dute Andra Mari zahar egoitzara, 16:30ean. 

Azkenik, musika ere protagonista izanen da Lesakan. Larunbatean, Giltzarri abesbatzak antolatua, haur kantarien topaketa izanen dute 11:30ean. Asteartean berriz, martxoaren 26an, Jubilatuen ostatuan euskal kantu zaharren tailerra izanen dute eta bukatzeko, Musika Eskolak kontzertua emanen du asteazkenean, Aste Santuko oporraldien aitzinetik.