Aritz Ibarra komikigileak "Hona bostekoa!" lana aurkeztuko du Urruñan

Aitor Errazkin Basurko 2024ko urt. 31a, 12:54

Geuretik Sortuak egitasmoaren barrenean,  Aritz Ibarrak erakusketa estreinatuko du, otsailaren 9an, 19etan Urruñan Posta gelan, hitzaldi batekin. 

Urruñako herriko etxeak euskara eta kultura ardatz hartzen duen Geuretik sortuak beka proiektuarekin bat egin du. Karia horretara, Aritz Ibarra komikigileari harrera egin zion 2023ko udaberrian, Sara, Bera eta Lesakarekin batera. Ibarrak egonaldiak egin zituen lau herri horietan. Sortutako komikiak lehen munduko gerla eta Urruña bere ekintzaren erdigunean ezarri ditu. Aritz Ibarra bezala, beste lau komikigile proiektuan sartu ziren eta beste herri batzuetan egonaldiak bideratu zituzten.

Geroztik, Hona bostekoa komiki bilduma argitaratu da, eta ilustrazioekin erakusketa bat antolatu da. Urruñan erakusketa otsailaren 9an estreinatuko da, 19etan Posta gelan, Aritz Ibarraren hitzaldi batekin. Hitzaldia euskaraz bada ere, bat bateko itzulpena segurtatuko da.